Futbol partidu ugari egiten dira Nafarroan astebururo; eta horiek burutu ahal izateko ehundaka haur eta gazte aritzen dira jokoan, mutil zein neska.
Joan den larunbatean, kadete mailako horietako bat jokoan zegoela, epaileak partidua eten eta etxeko entrenatzaileari serio erran zion “harmailetako gazte koadrila horrek irainak botatzeari uzten ez badio partidua bertan behera utziko dut”. Epailea neska zen. Jokoak aurrera egin zuen baina ez dirudi gazteek lehengo abisu horri kasu handirik egin ziotenik. Horregatik geroago, bigarren zatian azken abisua eman zuen arbitroak, eta orduan bai, etxeko taldeko arduradunek gazte koadrila iraintzailea futbol zelaitik kanporatu zuen. Gero jakin genuenez gazte horiek kanpoko taldeko jokalari atzerritar baten kontra tematuta “puto moro” erraten zioten baloia hartzen zuen bakoitzean.
Neska arbitroaren jardunbidea txalotzearekin batera gogoeta txiki bat egin nahi nuke anekdotaren harira: futbolaren mundu txikian gure gizartearen baloreak islatzen dira eta, agerikoa denez, jokaera xenofoboak nabarmenki zabalduta daude.
Ene ustez, okertuta geundeke fenomenoa futbolari bakarrik mugatzen dela pentsatuko bagenu, zoritxarrez zabalagoa da eta bizitzaren arlo askotan islatzen da. Arazoa serio hartzeko tenorean gaudela uste dut.