Gaur izugarri pozik nago, lortu baitut, bai, zorionak neure buruari!!
A! Ez dakizuela zertaz ari naizen? Ez, ez dut errenta aitorpena nik bakarrik egin, horrek ez du zailtasunik niretzat. Eta ez, ez dut Foru-suhiltzailea izateko oposaketa gainditu, egin dudana are konplikatuagoa da oraindik: Amazon Prime-tik baja ematea lortu dut. Ez duzuela sinesten! Ba egia da. Kostata, izerdiz eta odolez, baina helburua erdietsi dut.
Kontua da aurreko egun batean Amazonen liburu bat erosi nuela. Bai, “bekatu egin dut”; eta behin tranpan sartuta, erosketarekin Amazon Prime hilabete baterako doan oparitzen zidatela erran zidaten. Nik dakidala ez nuen opariari onarpena emateko klik-a zapaldu, baina egina zegoen nonbait eta, letra xehe txikia irakurrita, hilabetea pasa baino lehen baja ematen ez banuen urte osorako harpidetza hartuko nuke, honako hau ausarki ordainduta, prefosta!
Orduz geroztik pozoiez betetako opariaz nola libratu eman ditut gauak eta egunak, eta, azkenean, atzo goizean, lortu nuen. Justu doaneko hilabetea bukatzear zegoela. Horregatik nago hain pozik, hainbeste ezen datorren astean Neftlix-ekin gauza bera egiten saiatuko naizela erabaki dut.