Iruñeko Udalaren euskara zerbitzuak eta euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duten IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoak, apirileko parte hartzaileen artean 30 € balioa duten 6 EROSKETA-TXEKE banatu ditu, zozketa bidez. Txeke horiek, egitasmoak banatzen dituen deskontu txekeak bezala, euskarazko liburuak erosteko baliatu daitezke, egitasmoan parte hartzen duten Iruñeko 11 liburu dendetakoren batean.
Irakurzaletasuna sustatzea helburu nagusi duen egitasmo honek, honela funtzionatzen du: 1- Liburutegira joan, euskarazko liburu bat aukeratu eta mailegu zerbitzua erabilita etxera eraman irakurtzeko. 2- Behin liburua irakurrita, liburutegira itzuli irakurle-fitxa erraz bat bete eta erosketa-txekea jaso. 3-Erosketa-txeke horrekin %35 merkeago erosi euskarazko beste liburu bat. 4- Oparitu merkeago erositako liburua lagun, senide edo lankideren bati.
Parte hartzeko epea, maiatzaren 31n amaituko da liburutegietan, eta orduan, 30 €ko beste 6 erosketa-txekeren zozketa egingo da, oraingoan, maiatzean parte hartu dutenen artean. Txeke berezi horiek edo ohiko prozeduraren bidez eskuratutakoak liburu dendetan erabiltzeko epea ekainaren 10ean amaituko da.
Apirileko irabazleak: San Francisco, Yamaguchi, San Pedro, Arrosadia, Sanduzelai eta Nafarroako liburutegietako irakurleak izan dira. ZORIONAK!