Irabaztera derrigortuta

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2017ko urt. 27a, 12:42

Bigarren itzulia garaipen batekin hasten saiatuko da gaur Osasuna, Malagaren aurka (Sadar futbol zelaia, 20:45). Euskalerria irratian partida zuzenean entzuteko aukera emanen dute Eñaut Agirrebengoak eta Iñaki Berastegik. 

Kazetaria: Eñaut Agirrebengoa. 

Vasiljevicen lemapean, Osasunak bere betiko izaera kementsu eta borrokalaria berreskuratu du. Begi bistakoa da Iruñeko taldeak hobera egin duela azken asteetan. Aitzitik, ezin uka sailkapeneko egoerak beltza izaten segitzen duela. Areago, azken emaitzen ondorioz, salbazioa bederatzi puntura urrundu da. Joko onak momentuz ez du esperotako fruiturik eman: gorritxoek bi puntu pilatu dituzte azken hiru lehietan. Hala, xede bakarra izango dute gaur Sadarren Malagaren kontra jokatuko duten neurketan: garaipena lortzea, hain zuzen.

Irabaztera derrigortuta daude nafarrak, huts egin ezkero, salbazioa lekutan geldituko litzaiekeelako. Oraindik posible dute mailari eusteko lehian sartzea, baina horretarako puntuak hirunaka batzen hasi behar dira, aguro hasi ere. Dinamika berriari ekiteko norgehiagoka aproposa dute gaur, behea jota dagoen arerio bat izango baitute aurrean. Bi hilabete daramatza Malagak garaipenik lortu gabe, eta gainera, etxetik kanpo ez du irabazi oraindik. Jaitsiera postuak oraindik urrun ditu -zortzi puntura-, baina bolada ez badu eteten, arazotan sar daiteke.

Edonola ere, akatsa litzateke Osasunaren garaipena ziurtzat ematea. Sadarren oraindik ez du partida bakar bat ere irabazi: hamar partidatan, hiru berdinketa eta zazpi porrot pilatu ditu. Inoiz baino makalago dabiltza nafarrak beren zelaian, eta horrek kezka eragiten du. Gainera, Sadarren jokatutako azken bi partidetan zazpi gol jaso dituzte. Gaurko partidan odolhustea ez badute eteten, oso zail izango dute hiru puntuak patrikaratzea. Era berean, ezin daiteke ahaztu hildakoak berpizten aditua dela Osasuna. Beraz, talde nafarreren garaipena ezin daiteke inola ere emantzat jo.

Gorritxoen hamaikakoari dagokionez, ez dirudi Vasiljevicek iraultzarik egingo duenik. Aldaketa bat derrigorrez egin beharko du, Sevillarern kontra bostgarren txartel horia ikusi baitzuen Fausto Tienzak. Imanol Garcia eta De las Cuevas dira erdilari espainiarra ordezteko hautagai nagusiak. De las Cuevas hamaikakoan sartu ezkero, Causic ariko litzateke euskarri lanetan, eta Herrialde Katalanetakoa Roberto Torresen ondoan kokatuko litzateke. Bestelakoan, badirudi azken asteetako blokea mantenduko duela teknikari serbiarrak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!