Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Puntua, irudia eta konfiantza

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016-11-02 08:44   Kirola

Athletic 1-1 Osasuna| Betisen aurka galdu ostean, berdinketa polita eskuratu zuen Osasunak San Mames Barrian.

Kazetaria: Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

Lehoiek ez zuten Osasuna jan, hala iragarrita bazegoen ere. Osasunak aurpegi ona eman zuen lehenengo mailako zelai zailenetako batean, eta derbia etxera eramateko aukerak izan zituen Enrike Martin Monrealen taldeak. Landutako puntua lortu zuen Athleticken kontra talde nafarrak, eta Betisen aurka galdu eta gero, datorren larunbatean, Sadarren, Alavesen aurkako partidari heltzeko konfiantza hartzeko balioko dio.

Ipuruan eta Sadarren Betisen aurka erabilitako hamaikako berbera errrepikatu zuen Arrizabalagako entrenatzaileak. Nauzet Perezek Betisen golean egindako hutsegitea zela eta jokatuko zuen ikusteko zegoen, baina, azkenean, Enrike Martinek ez zuen aldaketarik egin. Gauzak horrela, ondorengo hamaikakoa zelairatu zuen Osasunak: Nauzet Perez; Oier, D.Garcia, M.Flaño, U.Garcia, Berenguer; Digard, R.Torres, De Las Cuevas; Oriol Riera eta Sergio Leon.

Atzo lortutako puntuari esker, Osasunak denboraldiko zazpigarren puntua eskuratu zuen hamar jardunaldi jokatu direnean. Sailkapen nagusiari erreparatuz gero, egun, Osasunak 19. postuan jarraitzen du. Azken postuan eta garaipena ezagutu gabe, Lucas Alcarazen Granada dago 3 punturekin. Osasunaren gainetik, Deportivo eta Sporting daude, hurrenez hurren. Deportivok 8 puntu ditu eta Sportingek 9 puntu. Beraz, jaitsiera postuetatik irtetea partida bakar baten bueltan dago.

Osasunarena izan zen lehendabiziko zatia. Azken partidetan ez bezala, defentsako sendotasuna eta eraso joko dotorea uztartu zituen Enrike Martin Monrealen taldeak. Berenguerrek ezker hegala ondo zaindu zuen defentsa lanetan, eta erasoan ere min handia egin zuen. Harrobiko jokalariak egindako mina Oriol Rierak probestu zuen, baina gola sartzeko izan zuen  lehendabiziko aukera garbiena Iraizozek gelditu zion. Lehenengo zatiaren 22. minutuan, ordea, Osasuna markagailuan aurretik jarri zen. Berenguerrek ezustean harrapatu nahi izan zuen Irazoiz, baina atezain nafarrak geldiketa ona egin eta baloia kornerrera bidali zuen. Kornerra Torresek jaurti zuen eta Oriol Rierak buruz baloia sareetara bidali zuen. Meritu handiko errematea izan zen, Rierak Raul Garciaren eta Mikel San Joseren gainetik egin zuelako errematea.

Bost minutu beranduago, ordea, Raul Garciak banakoa egin zuen. Sabin Merinok area barruan Miguel Flañori bikain izkin egin zion, eta erdiraketa Berenguerrek bakarri utzi zuen Raul Garciak bidali zuen sareetara. Lehenengo zatiko albisterik txarrenak Digard eta Oriol Rieraren lesioak izan ziren. Digardek belaunean min hartu zuen eta lotailua apurtuta izan dezake. Rierari dagokionez, orkatila bihurritu zuen, nahiz eta medikuek ez duten baztertu hausturaren bat izatea. Fausto eta Kenan Kodro zelairatu zituen Osasunako entrenatzaileak min hartutako bi jokalarien ordez.

Bikain eutsi zuten

Banakoarekin eta jada bi aldaketa eginda, espero zitekeen Athleticek gehiago estutuko zuela bigarren zatian. Eta hala izan zen. Lehenengo zatian aukera garbi bakarra izan zuten Ernesto Valverderen mutilek, Nauzetek urrundu zuen San Joseren jaurtiketa bortitz bat. Bigarren zatian, ordea, etengabe erasoan aritu ziren lehoiak. Adurizek gola sartzeko aukera izan zuen baina bere burukadari erantzun bikaina eman zion Nauzetek. Mikel Ricok izan zuen zurigorrien azken aukera garbia, baina erdilariaren jaurtiketa bortitza gutxiagatik joan zen kanpora. Partida berdinketarekin amaitu bazen ere, De Las Cuevasek izan zuen norgehiagokako azken aukera: area barruan sartu zen gorritxoa, baina ezkerrarekin jaurti beharrean, baloia eskuin hankarekin jaurtitzeko jokalari bati izkin egin behar izan zion; azkenean berandutu egin zitzaion eta baloia kanpora bidali zuen.

Hiru puntuak lortu ez arren, pozik amaitu zuen Enrike Martinek partida. Jokalari eta zaleak ere antzera. Alavesen kontrako partida jokatzeko konfiantza eta lasaitasuna emango dizkioi partida onek talde nafarrari. Dena den, Sadarren lehenengo garaipena lortzeko premia izugarria da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa