Errealitatearekin tupust egin zuten

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko abu. 31a, 08:26

Osasuna-Reala (0-2)| Egindako akatsak garesti ordaindu zituzten gorriek, Reala horietaz baliatu baitzen hiru puntuak eskuratzeko. Martinenek atsedena ate joka zela jaso zuten lehen gola, eta bigarren zatian ez ziren neurketa iraultzeko gai izan.

Kazetaria: Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng

Realaren aurkako derbira konfiantza handiz zetorren Osasuna, Malagan itxura oso lehiakorra eman ondotik. Alabaina, txuri-urdinen aurka Lehen Mailaren errealitatearekin egin zuen tupust: arerioek ez dituzte akatsak barkatzen. Partida orekatua izan zen nafar eta gipuzkoarren artekoa, baina Reala eliteko futbolean duen eskarmentuaz baliatu zen garaipena erdiesteko. Gorriek bi hanka sartze egin zituzten, zati bakoitzean bana, eta gipuzkoarrek aski izan zuten horietaz profitatzearekin Iruñeatik garaile irteteko.

Lehen gola lehen zatiko luzapenean iritsi zen. Zurutuzak baloiari lurrean zela eman zion, honen  pasea Oiartzabalek jaso zuen, eta jokaldia Juanmik errematatu zuen. Defentsa gorritxoak bigunegi aritu ziren golaren jokaldian, eta txuri-urdinek ez zuten barkatu. Ordura arte neurketa nahiko orekatua izan zen, nahiz eta Realak baloi gehiago eduki. Gorriek erasoan itxura oso grisa eskaini zuten, taxuzko jokaldirik ez baitzuten apenas eraiki. Dena den, defentsan oro har eroso aritu ziren, eta gol aukera batzuk ere izan zituzten, batik bat kornerretan. Alabaina, norgehiagokaren gidoia erabat aldatu zuen Realaren golak, gorritxoak lur jota gelditu baitziren.

Kolpea unerik txarrenean jaso zuten Martinen jokalariek; lehen zatia amaitzear zela, hain zuzen. Gorritxoen animoak baretu egin ziren, kasik desagertzeraino. Bigarren zatian berdinketa erdiesteko kemena falta izan zitzaien. Minutuek aurrera egin ahala nafarrak geroz eta otzanago aritu ziren –horretan zeresana izan zuen Sadarren zegoen bero sapak eragindako nekeak–, bigarren gola jasota amore eman arte. Unai Garciak ez zuen baloia buruz aldentzen asmatu, eta bere atean sartu zuen gola –Nauzeten errua ere izan zen, gaizki kokatuta baitzegoen–. Gorrien bigarren hanka sartzea, eta akabo partida. Hori da, finean, Lehen Mailaren errealitatea: bizpahiru akats egitea aski da neurketa bat esku hutsik amaitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!