Luzapenean eskuratutako garaipenari esker bueltatu da Osasuna promozio postuetara

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko ots. 29a, 08:24

Cordoba 0-1 Osasuna| Igoera eta promozio postuetatik kanpo bi jardunaldi eman ondoren, bosgarren postura itzuli da talde nafarra.

Kazetaria: Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerasegi)

Merezitako garaipena izan zen atzo Nuevo Arcangelen lortutakoa. Golak sartzea, ordea, asko kostatzen zaio Enrike Martin Monrealean taldeari eta hori atzo, beste behin, agerian geratu zen. Dena den, talde gorritxoa ez zen berdinketarekin konformatu eta besoak jaitsi beharrean azken minutura arte saiatu zen partida irabazten. Luzapeneko azken minutuan partidako jokalari onenak, Alex Berenguerrek, egin zuen arratsaldeko gol bakarra.

Kostata irabazi zuen Osasunak Nuevo Arcangelen Cordobaren aurka jokatutako partida garrantzitsua. Luzapenean Alex Berenguerrek justizia egin eta Osasunaren nagusitasuna hiru puntu bihurtu zituen. Etxetik kanpo aurkari zuzenen aurkako partidetan Osasunak ez du bere maila eman – Anduva, Toralin, Butarque edo Mendizorrotzan gertatutakoa gogogaratzea besterik ez dago- baina Nuevo Arcangeleko norgehiagoka erabat ezberdina izan zen. Partida bat irabazteko egin behar den guztia egin zuen Osasunak berdinketa begi onez hasieratik ikusi zuen Kordoba baten aurka. Hiru puntuak luzapenean eskuratu bazituen batik bat taldeak duen gol faltagatik da. Izan ere, azken aldian gertatu bezala, ate aurrean duen arazoa nabarmena da.

Aurkari zuzena den Kordobaren aurkako garaipenak bolada txarrarekin amaitu eta promozio postuetara bueltatzeko balio izan du bi jardunaldiren ostean. Osasuna orain bosgarren postuan dago zazpigarren sailkatutik bi puntutara eta igoera zuzena ematen duen bigarren postutik bost puntutara.

Lehenengo zati oso ona egin zuen Osasunak. Kordobak baloia erraz galdu ez ezik,baloi jabetza luzeak antolatzeko ezintasuna erakutsi zuen. Bien bitartean, Osasuna eroso zegoen zelai erdian eta hegaletatik min egiten saiatu zen. Ezkerretik, Alex Berenguerren hegaletik, egin zuen bereziki min talde nafarrak. Harrobiko jokalariaren abiadurak izugarrizko mina egin zion bere markatzaile izan zen Marius Stancevicusi eta atzeko lerro guztiari. Aukera mordoa sortu arren, baloia sareetara bidaltzea ezinezkoa zitzaion Osasunari. Aprobetxatu ez zituen jokaldien artean Puckorena nabarmentzekoa izan zen. Zaragozaren aurka astebete atzera gertatu bezala, aurrelari esloveniarrak atezainaren aurrean bakar bakarrik zela huts egin zuen.

Cordobak ahal zuen bezala eusten zion Osasunaren eraso jokoari. Egoera ikusita, bazirudien Cordoba momentuz pozik zegoela emaitzaiarekin eta emaitza defenditu bano ez zuela egin nahi. Florin Andone eta Fidel ziren Cordoba erasora bultzatu nahi zuten bi jokalari bakarrak, baina euren gaineko markaketetan bikain aritu ziren jokalari gorritxoak. Nabarmentzekoa David Garcia atzelariaren partida; 22 urteko jokalariak  partida itzela egin zuen eta ondorioz, Andoneri ez zion gol aukerarik sortzen utzi.

Bigarren zatiko lehen hamar minutuetan zertxobait suspertu zen etxeko taldea.Partidako Cordobaren minutu onenak izan ziren arren, gol aukera garbirik ere ez zuen izan talde andaluziarrak. Otegui kendu eta Miguel De las Cuevas sartu zuen Arrizabalagako entreatzaileak. Hogei minutu falta zirela Urko Veraren ordez Nino sartu zen berdegunera. Aurrelari bizkaitarra bere maila onenetik urrun dago oraindik. Ordurako Torresek falta jaurtiketa bat zutoinera ere bidali zuen. De las Cuevasen irterak eraso jokoa aldatu zuen eta Osasunak partidaren erabateko kontrola lortu zuen partidaren azken minutuetan. Neurketa berdinketarekin amaitu behar zenean, 92. minutuan, Alex Berenguerrek gol dotorea eskuratu zuen Cordobako atzelarien hutsegitez beteriko jokaldi batean. Amaierara arte saiatu zen garaipena lortzen Osasuna eta irabazeko gogo horrek garaipena eman zion talde nafarrari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!