Racing eta Sabadellek gaur jokatuko duten neurketei itxaron beharko du talde iruindarrak jaitsiera postuetan berriro sartuko den jakin ahal izateko. Martin Monrealen garaiko lehen porrota da honakoa; hiru neurketetan garaipen bat, berdinketa bat eta atzoko porrota. Nekounamen hutsegitea Vierak lehenengoa egiteko aprobetxatu bazuen ere, Vujadinovicek korner jaurtiketa batean banakoa ezarri zuen. Hala eta guztiz ere, atsedenaldirako berriro aurreratu egin zen kanpoko taldea, Sergio Araujoren golari esker.
Las Palmas bezalako talde indartsuaren aurrean horrelako bi hutsegite garbi egitean Osasunak heriotza-sententzia sinatu zuen atzo Sadar futbol zelaian. Porrota eta berriz ere zuloan sartzeko aukera. Racingek eta Sabadellek gaur jokatuko dituzten neurketek erabakiko duten Osasunaren behin behineko sailkapeneko postua. Etxeko bi neurketak irabazi eta etxetik kanpo punturen bat, bakar bat bada ere, eskuratuz gero bigarren mailari eusteko kontuak ateratzen zitzaizkion Martin Monreal entrenatzaileari. Taldea salbatzeaz gain, ahal zen bizkorren bete nahi zuen helburu hori Monrealek, azken jardunaldira itxaron gabe. Momentuz, baina, taldeak atzera pausua eman eta aldapagora jarri zaio mailari eusteko bidea. Neurketa ia osoan zehar atzetik ibili zen Osasuna, nahieran zebilen Las Palmas harrapatu nahian.
Arestian aipatu bezala, hutsegiteak gogotik ordaintzen dira bigarren mailan. Are gehiago Las Palmas bezalako talde baten aurka, goiko zatian bolbora izugarria duen taldea dela kontuan hartua. Araujo, Culio eta bereziki Las Palmasera Valentziatik itzuli den Jonathan Viera, bera izan baitzen irletako taldea gidatu zuen itsasargia. Seigarren minutu arte iraun zion Osasunari defentsako irmotasunak: Nekounamek, era inozente batean, baloia zelai erdian galdu zuen eta kanpoko taldeak kontraeraso azkarra antolatu zuen. Vierak antolatu eta amaitu zuen kontraerasoa. Baloia zelai erdian eskuratu eta area handiaren muga markatzen duen marra arte aise iritsi zen. Sergio Araujo aurrelariak egindako defentsen arrastatze mugimendu bikainak Viera Riesgoren aurrean utzi zuen. Erdilariak ez zuen huts egin eta baloia ateko eskuadra batean jarri zuen. Riesgok ez zuen ezer egiterik izan. Valladolid eta Mirandesen aurka erakutsitako defentsa irmotasuna hankaz gora sei minutu eskasetan. Osasunak aurrera pausu bat eman nahi izan zuen, baina baloia galtzen zuen une bakoitzean Las Palmasek izugarrizko arriskua sortzen zuen. Viera, Araujo eta Roque nahi zuten moduan mugitzen ziren Iruñeko berdegunetik.
Ez zegoen eroso talde gorritxoa zelaian, arriskua sortzeko ezgai sentitzen ziren etxekoak. Momentu horretan iritsi zen, ordea, berdinketaren gola.Jokoaren bitartez arriskurik sortzen ez zuenez, geldikako jokaldietan jarri zuen osasunak bere eginahala: Roberto Torresek korner jaurtiketa egin eta Vujadinovic-ek, modu akrobatiko batean, burukada baten bitartez baloia sareetara bidali zuen. Pozak ez zuen asko iraun Sadarren. Minutu eskas bat geroago Las Palmasek bigarrengoa egin zuen: Las Palmaseko jokalari baten erdiraketa urruntzen saiatu arren, David Garciari gainetik pasatu zitzaion baloia. Araujok, bakar bakarrik, area barruan bularrez kontrola egin eta Riesgo gainditu zuen. Hogeita zazpigarren minutuan berriro ere gorritxoak atzetik. Maila horretako bi hutsegite egin ondoren markagailua justua zen. Neurketa ireki bazen ere, ezer gutxi gertatu zen lehen zatiko azken ordu laurdenean. Ninoren erremate desbideratu bat, akaso. Berotze lanetan jarri zituen Martin Monreal entrenatzaileak Cedrick eta Loe.
Bigarren zatia hasi bezain pronto, Loe aulkitik atera eta Nekounamen postua hartu zuen. Gauza bera egin zuen Cedrickek Javier Flañorekin. Herviasen gidaritzapean eta Cedricken bizkortasuna lehengaitzat hartuta saiatu zen Osasuna markagailua bere alde jartzen. Lehenengo minutuetako ofentsiba gorritxoa benetan gogorra izan bazen ere, kanpoko taldearen defentsa kolektiboak bikain eutsi zien Osasunaren erasoei. Berrogeita hamaseigarren minutuan lehenik Nino eta Oierrek elkarri enbarazu egin eta aukera polita galdu zuten. Zazpi bat minutu beranduago Pablo Herviasen txanda izan zen, baina errealak utzitako jokalariaren jaurtiketa atepetik atera zuen Las Palmaseko jokalari batek. Bigarren zatiko aukera garbienetako Cedrick kongotarrak izan zuen: Area barruan bi defentsa gainditu eta baloia gutxiagatik joan zitzaion kanpora. Osasunak bere horretan jarraitzen zuen, Las Palmaseko eraso jokalarien arrastorik ez zegoen bitartean. Sadar futbol zelaiaren hauspoa baliatuta Osasunak pausu bat gehiago intentzioa izan zuen. Ez zen gehiagorako astirik egon eta Osasunak Enrike Martin Monrealen garaiko lehen porrota pairatu zuen.
Porrot honekin Osasunak putzura bueltatzeko boleto asko dauzkala esan daiteke. Jaitsiera postuetan egon ez arren, Racing-ek eta Sabadellek neurketa bat gutxiago daukate. Racing-ek irabaziz gero, Osasuna jaitsiera postuetan sartuko zen. Sabadellek ere irabaziko balu, Osasunarekin puntuetara berdinduta geratuko litzateke, hiru jardunaldiren faltan eta Sabadellen Osasunaren arteko partidua jokatzeke dagoela. Jardunaldiko orain arteko albiste positibo bakarra Bartzelona B-k eman zuen, Valladoliden aurka etxean galdu eta gero. Jaitsiera postuetan sartu ala ez, atzera pausua nabarmena izan da. Hiru jardunaldi, eta bi arerio zuzen izango ditu neurketa horietan, azken aurreko jardunaldian Sadarren Rekreatibo eta azken jardunaldian Sabadelli bisita. Horien aurretik, baina, Larunbat honetan Leganes aldera abiatuko da Osasuna. Salbazioa azken jardunaldirako ez uztea garrantzitsua da oso.
Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)