Ponferradina-Osasuna: helburu desberdinen atzetik

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2015ko api. 18a, 11:53

Argazia: eitb.com

Larunbata | 18:15 | Toralin udal zelaia | La Sexta

[Partidaren atarikoa Taxoareko Hitzan]

Bi taldeentzat garaipena behar beharrezkoa bada ere, Ponferradinak eta Osasunak helburu oso ezberdinak dituzte Adelante ligako azken txanpan sartu garenean. Osasunarentzako aitzakiak aspaldi amaitu ziren, taldeak ez du ongi funtzionatzen. Denboraldi hasieran talde gorritxoak zaleengan ilusioa piztu zuen arren, denborak bakoitza bere tokian ezartzen du. Osasunaren tokia jaitsiera postuetatik irteteko lehian borrokatzen dutenen multzoan dago eta denboraldi amaiera arte hor egongo denaren seinaleak ematen ditu talde gorritxoak.

Hamaika jardunaldi garaipena eskuratu gabe. Marka beltza talde iruindarrarentzat. Sadar lehenengo maila izaten zen gotorlekuaren arrastorik gabe, etxetik kanpo taldeak eman duen irudia dago batik bat marka beltz horren atzean. BIgarren mailako taldeei dagokienez, etxetik kanpo jokatutako partiduetan Osasuna hirugarren talde kaxkarrena da puntuen banaketari dagokionez. Iruñeatik urrun jokatutako 14 neurketetan bi garaipen baino ez dituzte eskuratu nafarrek. Bi garaipen, lau berdinketa eta zortzi porrot. Betidanik izan da problema Osasunarentzat, bai lehenengo mailan bai bigarrenean, etxetik kanpo jokatutako partiduak. Ordea, Sadar gotorleku zen garaietan, etxetik kanpo lortzen ez zena etxeko emaitzekin konpontzen zen. Aurten, baina, etxetik kanpoko tonikak berdin jarraitu du baina Sadarren ezin izan dira kanpoan jokatutako porrot horiek estali. Etxetik kanpo jokatutako hamalau partidu horietan bederatzi gol sartu eta hogeitazazpi gol eskuratu ditu talde gorritxoak, etxetik kanpo gol gehien sartu dizkioten bostgarren taldea delarik.

Betisen aurkako lehen zatian gertatu bezela, Osasunak nahiko irudi ona eman zuen Soriako Numantziaren aurka Sadarren jokatutako partiduan. Mateok badirudi bere hamaikakoa aurkitu eta hori mantenduko duela denboraldi amaiera arte. Cedricken egozpen injustuak hauspoa emanda, talde gorritxoa buru belarri aritu zen garaipenaren bila. Numantziak, ordea, lehen zatia amaitzear zela markagailua bere alde jartzea lortu zuen. Bigarren zatia hasi eta berehala Ninok neurketa berdindu zuen arren, Osasunak hiru puntuak eskuratzeko aukera paregabea ikusi zuen norabidea galduta zebilen Numantziaren aurka. Ordea, 15. minututik bat gutxiagorekin jokatzea azken ordu laurdenean taldeak asko nabaritu zuen.

Lehen aipatu bezala Mateok badirudi bere hamaikakoa aurkitu duela. Santamaria errekuperatu arte Riesgok beteko du atezain postua. Atzealdeko lerroan Vujadinovic-Loties zentralen bikotea eta Javier Flaño-Oier atzealdeko hegalak zaindu. Loerekin batera Nekounam edo Merino erdialdean eta gero, Sisi Torres eta Cedrickek osatutako lerroa nahiz eta Ponferradinaren aurka Cedrickek ezin izango duen jokatu. Aurrealdean aukera bakarra, Nino.

Ponferradina play off-etatik kanpo

Zazpigarren potuan aurkitzen da Ponferradina taldea, hots, play off-ak lehiatzeko behar baino postu bat beherago. Toralin zelaian etxeko taldeak bederatzi garaipen, bost berdinketa eta bi partidu baino ez ditu galdu. Arerio gogorra. Seigarrena den Zaragoza taldearekin puntuetara berdinduta egotean, garaipen behar beharrezkoa du play off-en trenari jarraitu eta zortzigarren den Llagostera (47 puntu) aldendu nahi badu. Sadarren jokatutako neurketan Ruben Sobrinoren gol bati esker lortu zuen Ponferradinak garaipena, Osasunaren partidu negargarri baten ostean.

Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)

_________________________________________________________________________________________________

Deialdiak

Ponferradina:Arrizabalaga, Carpio, Rueda, Berrocal, Yuri, Sobrino, Jonathan, Alan, Acoran, Andy, Tete, O. Ramirez, Pablo, Alberto A, Melero, Camille, Dinu eta Adan.

Osasuna: Asier Riesgo, Juan Perez, Javier Flaño, Cadamuro, Echaide, Oier, Loties, Vujadinovic, David Garcia, Nekounam, Merino, Roberto Torres, Sisi, Raoul Loé, José García, Olavide, Nino eta Kenan Kodro.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!