[Partidaren atarikoa Nafarroako Hitzan]
Agortu dira aitzakiak. Amaitu dira justifikazioak. Osasuna, une honetan, jaitsiera postuetan dago, eta egoera horretatik irteteko modu bakarra jada 10 partidatara luzatu den garaipenik gabeko boladari amaiera ematea da. Azkeneko neurketetan taldeak itxura hobeagoa eman du, eta garaipenetik gertu ere izan da -batik bat Sportingen aurka-, baina oraindik ez du hiru puntuak lortzeko bidea aurkitu. Horrela, bada, igande honetan talde iruindarrak aukera aproposa dauka Numantziaren aurka hiru puntuak patrikaratu eta jaitsieraren mamuak momentuz behintzat uxatzeko. Dena den, argia ikusteko abagune ona den bezala, etziko partidak gorritxoentzat hondamendia ere suposa dezake. Izan ere, etxean berriz ere estropezu egiteak zuloan hare eta sakonago sartuko luke. Beraz, jaitsiera postuak harea mugikor bilaka ez daitezen, behar beharrezkoa da jokalariek aurpegia eman eta behingoz hiru purtuak erdiestea.
Etziko partidaren final izaera nabarmena da, eta horretaz jakitun, zaleek Sadarreko harmailak beteko dituzte (hori horrela izan dadin klubak sarrera gehienak 20 eurotan jarri ditu). Beraz, jokalariek, beste behin ere, zaleen hauspoa beraiekin izanen dute. Etxean jokatu duten azken bi norgehiagoketetan kanpoan baino itxura hobea eman dute, bakoitzean puntu bana lortuta, eta bihar pauso bat gehiago eman eta hiru puntuak eskuratzea bilatuko dute. Horretarako, baina, azken 10 partidetatik dakarten dinamika ezinbestean irauli beharko dute. Dinamika horrek gehienbat gol faltarekin dauka zerikusia, 900 minututan soilik bi gol sartuta ezinezkoa baita ezer onik egitea. Nino ez da denboraldi hasierakoa, Ansarifardek ez du maila eman, eta gainontzekoei argia itzaltzen zaie ate aurrean daudenean (zenbat izan ote dira dena alde zutela baloia kanpora, zurtoinera edota atezainaren hanketara bidali duten jokalariak…). Beraz, puntuak hirunaka batu nahi ezkero, premiazkoa da goiko postuetako jokalariek bederen gol sena berreskuratzea.
Numantziaren aurka zelariatuko den hamaikakoaren inguruan Mateok oraindik ez du pistarik eman. Joan zen asteburuan Betisen aurka egon ez ziren Oier eta Cedrik erabilgarri izanen ditu, baina David Garcia zein Echaide ezinen ditu erabili, biak ala biak txartelak pilatzeagatik santzionaturik baitaude. Santamaria ere ez da deialdian sartuko, honen kasuan lesioagatik. Horrenbestez, atepean berriz ere Asier Riesgo izango da, errendimendu aldetik zenbait zalantza piztu dituena. Defentsan ziur aski Oier, Loties, Vujadinovic eta Javi Flañok osaturiko laukoteak jokatuko du. Gainontzeko postuetan, baina, ezin daiteke jakin nork jokatuko duen. Euskarriko bi postuetarako hiru jokalari daude (Loe, Nekounam eta Merino), eta goiko postuetan ziurra den bakarra Cedricken itzulera da. Orain arte ia dena jokatu duen Nino makal antzean dabil aspaldi honetan, eta gerta liteke Mateok beste norbaitekin probatu nahi izatea.
Numancia, gora begiratu nahian
Osasunaren arerioa izanen den Numancia sailkapenaren erdialdean dago kokaturik (12. postuan, hain zuzen). Jaitsiera postuekiko dezenteko aldea dauka, hemeretzigarren den Osasunak baino hamar puntu gehiago baitutu. Playoff postuak, baina, sei puntura dauzka, beraz, soriakoek garaipena lortu eta gora begiratzen hasi nahiko dute. Edonola ere, Anquelaren mutilak burumakur samar datoz igandeko partidara, 1-2 galdu baitzuten etxean une hartan jaitsieran zegoen Recreativoren aurka. Etxetik kanpo jokatutako azken partidan, bestalde, hutsean berdindu zuten Leganesen aurka.
Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)