90 minutuetan zehar txanponaren bi aldeak ezagutu ditu talde iruindarrak: aurkia lehenengo zatia izan da, zeinetan Osasunak etxeko taldea goitik behera mendean hartu duen; ifrentzua, berriz, bigarren zatia, talde iruindarraren hauskortasuna agerian utzi duena.Bigarren 45 minutu hauetan iritsi dira etxekoek sartu dituzten hiru golak, defentsa, atezain zein epailearen akatsak direla medio. Akats puntualez landa, gorritxoek izan duten arazorik handiena, beste behin ere, gol gabezia izan da. Izan ere, lehenengo 45 minutuetan jaun eta jabe izan arren, ez dira gai izan markagailuan aurretik jartzeko. Horrenbestez, gaur jasotako porrotarekin talde iruindarrak dagoeneko hamar partida daramatza jarraian garaipena ezagutu gabe, eta ziur aski jardunaldia jaitsiera -edo, hobeki esanda, desagerpen- postuetan amaituko du.
Kontrako bi dinamikaren talka izan da gaur Sevillako Betisen etxean jokatu den partida. Alde batetik, Betis denboradiko unerik gozoena ari da igarotzen, eta gaurko norgehiagokara lidertza sendotzeko asmoarekin iritsi dira. Bestetik, Osasuna denboraldiko (eta zergatik ez, azken urteetako) boladarik txarrenean dago murgilduta, beraz, gorritxoen xedea hiru puntuak lortu eta jaitsiera postuetatik aldentzea zen. Iruindarrak mailako talderik sendoenetarikoa den Sportingen aurka partida on bat jokatzetik zetozen, eta duela astebete erakutsiriko itxurari jarraipena eman nahiean edo, lehenengo zati biziki dizdiratsua jokatu dute. Presioa, intentsitatea, baloia mugitzeko gaitasuna… Asko dira gorritxoek lehenengo zati honetan erakutsi dituzten bertuteak.
Haatik, zelaiaren hiru laurdenetan bizitasuna eta ideiak garbi izatea falta izan zaie Mateoren mutilei. Zelai erdian baloia ondo mugitu dute, baina arerioaren areara gerturatzean ez dute azken pasea ematen asmatu. Horrela, erasoko jokalariak -bereziki Nino- arriskua sortzen saiatu diren arren, ez dute gol abagune garbiez gozatzeko paradarik izan. Bien bitartean, Bigarren Mailako liderra den Betis erabat uzkurtuta zegoen, gola jasotzearen beldurrez. Gorritxoek eginiko presioaren ondorioz gorriak eta bi ikusi dituzte baloia ateratzeko, eta behin Osasunaren zelaian zeudela, ez dute arriskua sortzen asmatu. Edonola ere, lehenengo zatiaren erdialdean etxeko taldea markagailuan aurretik jartzear egon da, Lotiesek baloia leku oso txar batean galdu ostean, baina Osasunan ibilitako Cejudok ez du ate aurrean asmatu.
Egoera horretan, gorritxoak aho zapore gozoarekin joan dira aldageletara. Ez dute gola sartzen asmatu, baina Sportingekin egin bezala, joko aldetik ziurrenik kategoriako talderik onena den Betis mendean hartu dute. Alabaina, bigarren zatia hastearekin batera garbi ikusi da bigarren 45 minutuetan gidoia ez zela inondik inora lehenengo zatiaren berbera izan behar. Izan ere, Betis beste gar, beste intentsitate batekin zelairatu da. Horretan zerikusia handia izan du Pepe Melek Ceballos gaztea berdegunean sartu izana, honek eman baitio taldeari behar zuen erritmo eta bizitasuna. Horren aurrean, gorritxoek pauso bat eman dute atzera, Betisen oldarraldiei eusteko asmoz, eta Adanen areara geroz eta maiztasun gutxiagorekin iritsi dira.
Etxekoen gol festa
Horrela, bada, zoritxarreko jokaldi batean Osasunak lehenengo gola jaso du. Zoritxarrekoa, epaileak ez baitu ikusi goleko jokaldian baloia ateko marratik atera dela. Horrela, N’Diayek sarturiko golaren ondorioz neurketa aldapa gora jarri zaio kanpoko taldeari. Oraindik 30 bat minutu falta ziren, baina Osasunak orain arte golak jaso ostean erakutsitako kemen faltak ez zuen baikortasunera deitzen. Modu horretan, sei minutu geroago Ruben Castrok gorritxoen esperantza guztiak lurperatu ditu, markagailuan bi eta hutsekoa jarrita. Gola Riesgoren akats larri baten ondorioz etorri da: Debakoa bururik gabe irten da erdiraketa bat aldentzera, eta baloia ikutu ere egin ez duelarik, gola esku eskura eman dio Betiseko aurrelariari.
Bigarren gol horrek lur jota utzi ditu Osasunako jokalariak. Izan ere, partiduak bi jokaldi puntualetan ihes egin diela ikusi dute. Azken ordu laurdenean neurketan berriz ere sartzekotan izan dira, Vujadinovicek baloia sareetara bidali duenan, baina epaileak gola baliogabetu egin du, jokaldian parte hartu duen Loties jokoz kanpo zegoela argudiatuta. Gauzak horrela, 88. minutuan Betisek hirugarrena egin du, Jorge Molinaren bitartez. Gorritxoak Betiseko jokalari baten jokoz kanpo batez kexatu dira, baina epaileak entzungor egin die. Behin 90 minutuetara iritsita 2 minutu gehitu ditu, baina jadanik dena erabakita zegoen. Osasunak itxura oso ona eman du neurketaren lehen zatian, baina azkenean merezi gabeko pasara bat jasota irten da Sevillatik.
Horrenbestez, Osasunaren bolada txarrak ez du etenik. Datuek argi hitz egiten dute: azken 30 puntutatik soilik bi lortu ditu, eta azken hamar partidatan bi gol baino ez ditu sartu, biak ala biak penaltiz. Azkeneko jardunalditan hobekuntzaren imintzio batzuk somatu zaizkio talde iruidnarrari, baino dagoen egoeran egonda ez da nahiko imintzio soil batzuekin. Gauzak horrela, datorren astean Numanciaren aurka jokatuko duen partida benetako final gisa kontsidera daiteke. Izan ere, jaitsierari eta klubaren desagerpenari izkin egiteko behar beharrezkoa da puntuak behingoz hirunaka batzea.