Sortzen Elkartearen oharra:
“America 66” espainiar ejertzitoaren batailoiak bidalitako gonbidapenak direla eta, duela aste batzuk gure kide diren hainbat ikastetxeetako guraso elkarteen kexak jaso genituen. Kezka hauek arduraz jaso genituen.
Gaiak parlamentura eman du saltoa, normala den bezala, harrigarria eta kezkatzekoa baita Hezkuntza eremu batean, gatazka belikoak eta gerrak sustatzen dituzten irudi, mezu eta objektuak gure seme alaben eskura jarri nahi izana.
Gertakari hauei erantzunez, gaur, Kontseilari Mendoza jaunak, gutun hauen bidalketa erabat legalak direla adierazi du.
Gu ez gara legala den edo ez den eztabaidan sartuko. Legala izan daiteke, baina era bat beldurgarria ere.
Gure seme alabak imaginario beliko eta biolentziaz betetako honetan hezteak, gurasoak garenon kezkatik harago jo beharko luke. Zer motatako jendartea nahi dugu? Etorkizuneko jendartearen muina, arma, bonba eta gerren gorazarrean hezi nahi al dugu? Bakea eta biolentziarik gabeko jendartea eraikitzea guztion ardura da. Bai hezkuntza komunitatearena zein familia eremuena. Zer esanik ez Departamentuak honetan duen bete beharra.
Honexegatik, uste dugu eta berriz eskatu ere, Hezkuntza departamentuak bitartekari egin dezala halako gonbiteak berriz jaso ez daitezen.
Azkenik, erabateko beharra ikusten dugu hezkuntza zentroetan, gatazkak konpontzeko baliabide ez biolentoak, bizikidetza eta bakea sustatu, landu eta garatuko duten dinamikak eta programak mahai gaineratzea. Bide horretan prestutasun osoa jartzen du Sortzenek.