Iaz zenbait guraso elkarteekin batera Nafarroko ikastetxe publiko ezberdinetan zeuden arazoak sailkatu, txosten batean jaso eta publiko egin genituen. Aurten txosten hori berritu dugu eta tamalez arazoak bikoiztu egin direla ikusi dugu. Urtetik urtera gora doaz ikastetxeetan dauden arazoak eta Nafar Gobernutik ez zaio irtenbiderik ematen. Oraingo hezkuntza departamentuarentzat, hezkuntza publikoaren kalitatea bermatzea ez dela lehentasuna argi dago. Horregatik konpromiso zehatzak eskatu genizkien talde guztiei. Baina tamalez, erantzuna orokorrean ez zen batere argigarria izan. Guztiek azpiegituren hobekuntza beharrezkoa dela esan dute baina gehienek ez dute azaldu hori egiteko dirua nondik aterako den eta non jarriko diren lehentasunak. Aukera polita izanen dute datozen hilabeteetan eginen dituzten programetan gai hau behar bezala txertatzeko eta irtenbide errealak planteatzeko. Ikusiko dugu zertan gelditzen den. Guk bitartean lanean jarraituko dugu. Egoera hau behar den tokietan salatzen jarraituko dugu. Oso argi dugu hezkuntzaren kalitatea aspektu askotan neurtu daitekela eta hoietariko bat, besteak bezain garrantzitsua dena, ikastetxeek dituzten azpiegiturak dira. Hezkuntza publikoa azken urteetan arazo gehiegi izaten ari ditu aspektu honetan eta arazo hauek ahalik eta azkarren konpondu beharko lirateke. Hori lortu arte ez dugu etsiko, guztiona den hezkuntza publikoa kalitate gorena merezi duelako, funtsean, gure ikasle, irakasle eta familiek kalitate gorena merezi dutelako.