Mezak, indarkeria eta erabakitzeko eskubidea

Erabiltzailearen aurpegia Maria Solana 2015ko aza. 23a, 13:07

Ohikoa denez, aste oparoa dugu hasi berri den hau ere nafar politikan. Astelehen goiz beroa bilakatu da gaurkoa, nahiz eta zero gradurekin argitu duen, izan ere, Parlamentuko Mahaiak lanak izan baititu gaur, bozeramaileen bilkuraren mahai gainera agertutako gai bero bi jorratzeko.
Adierazpen instituzional bi bozkatu dira, bietan ere bai eliza tarteko; batetik aldaketaren lau indarrek eta PSNk bat egin dute salatze aldera pasa den azaroaren 20an, Madrilen, Nafarron San Ferminaren kongregazioak Francoren omenez egindako meza eta horretan gertatutako guztia.
Bestetik, UPNk salatu du egunotan Abel Azkona artista nafarrak Serapio Esparza plazako aretoan ikusgai duen erakusketaren baitan jasotzen den lana eta horren filosofia. Exijitu nahi zioten Iruñeko Udalari bertan behera uztea erakusketa. Jakina, ez da onartu.
UPNk eta PPk argi utzi dute beste behin eliza defendatzeko edozer gauza egiteko gai direla, 36ko fusilatuen eta euren familien memoria zapaltzen bada ere.
Astea abiatzeko, gai potolo bi. Edonola, aste hau beste bi gaiek itxiko dute, eta nire aburuz behintzat, askoz ere garrantzi gehiagokoak biak. Batetik, hilaren 25ean nafar politikak EZ esanen dio emakumeen kontrako indarkeriari. Eta, azkenik, hilaren 27an, pentsatu nahi dut Nafarroako Parlamentuak BAI esanen diola nafarron erabakitzeko eskubideari. Honen inguruko osoko bilkura monografikoarekin itxiko dugu Parlamentuan astea. Horretan agerian geratuko da indar bakoitzaren jarrera, Nafarroa eta nafarron hitza errespetatzeko eta gure eskubideak bermatzeko apustua nafar jendartearen gehiengoak babesten ote duen argitzeko unea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!