“Gobernatzen hasi ez den gobernua” badugula diote zenbaitek.
Hala diote eskuindar indarrek eta gobernu berriaren kontrako denek: ez duela batere neurririk hartu, ez dela gobernatzen hasi.
Baina, batera, euren komunikabide eta sare orotan eguna ematen dute salatzen eta kritikatzen gobernuak egiten duen guztia. Hortaz, egiten du edota ez du egiten?
Agerikoa denez, bai, gobernu berri honek gauza anitz egin izan ditu hiru hilabeteotan. Aste honetan beteko dira gobernuaren 100 egunak eta horren balantzea egitera irtengo dira indar guztiak. Gobernuak berak 100 egun hauetan egin duenaren inguruko agerraldia burutuko du ziurrenera eta, antza, gauza ugari izanen dituzte kontatzeko.
Asko izan dira Gobernu berri honek hartutako erabakiak eta garatutakoak. Asmoetatik haratago, urratsak eman izan ditu, aurrerapausoak. Urtetan borondate politikoak alde noiz edukiko zain izan diren kontu ugariri buelta ematen ari zaie. Eta zurrunbiloa eta zarataz gaindi, badira ekintzak, egin beharreko ugari eginak.
Gaur bertan jakin izan dugu prest daudela jada departamentu guztietako kronogramak; egutegian jarrita egin beharrekoak, lehentasunak markatuak eta epeak ezarriak. Hori bera egin izana, asko egitea da. Hori betetzen joatea da orain gakoa.
Beraz, osatu zen unetik bertatik gobernatzen hasi den gobernu baten aurrean gaude. Ardura hartu, lanari ekin eta erabaki zail, esanguratsu eta aurrerakoi ugari hartu izan ditu. Hori kritikatu izanak, hala izan denaren frogarik argiena da.
Gaurtik aitzin ETBren lau kateak ikus ditzakegu, tdtn behingoz, Iruñerrian. Kritikarako beste erabaki bat; aldaketa gauzatzen ari denaren beste froga bat; zoriontzeko arrazoia guretzat.