Egutegian

Erabiltzailearen aurpegia Maria Solana 2015ko ira. 14a, 13:34

Ikasturtea abiatu da eta ikasgelak bete egin dira. Lehenengo eguneko urduria gainditua, astea hasi da sorpresaz beteriko egunak datozela jakinda. Mantala, hamaiketakoa eta hortzak garbitzekoa poltsan eta jada txiki samar ditugun zapatilak oinetan. Buruan, gai ezezagunek sortarazten duten beldurra eta orain arte ikasitako guztia ezertarako balioko ote digunaren inguruko zalantza.
Eta hortxe, ikaskideak behatzen, batzuk gu baino helduago, beste asko gu bezain berri. Irakaslea nor izango den ez dakigula, eta testulibururik gabe ekingo diogu lanari.
Ikasturtea abiatu da Nafarroako Parlamentuan.
Bihartik aitzin eta datozen bi aste hauetan zehar, Nafarroako Gobernu berriko kontseilari denak Parlamentura agertuko dira, legealdirako ildo nagusiak zehaztu eta azaltzeko. Hortik aitzin jakinen du arlo bakoitzeko bozeramaile bakoitzak jorratu beharreko gaiak zeintzuk izanen diren, eta aipatu, jaso edota agertu ez den gairik mahaigaineratu beharra ote dagoen.
Ikaskideak ezagutu orduko, ikasgaiak ezagutu orduko, udazkena sartuko zaigu. Eta horrekin batera, hauteskunde orokorren aurre kanpaina kokatuko da gaurkotasunean buru….
Ikasturte honetan eredua aldatu da: gobernua anitza da, anitza den hiritargo baten isla den parlamentu anitzaren araberakoa, alegia. Aitzinera frogatu beharko dugu aniztasun hori kudeatzen gai ote garen; horretan lagungarria izan ohi da, oso, emandako hitza betetzea.
Aldaketaren ikasturtea abiatu da: erronka ugari jorratzeke dugu, denon artean, denon arteko elkarrizketa oinarri. Lanerako prest, gauzak ongi egiteko prest!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!