40 egun besterik ez da falta udal eta foru hauteskundeen hausnarketa egunera arte.
Horixe izanen da oraingoan gakoetako bat. Hausnarketa eguna. Izan ere, hauteskunde eguna aurreko eguna da, eta, adituek diotenez, azken une horietan erabakitzen baitu herritar ugarik bere bozka.
Hausnarketa eguna heldu bitartean, hausnarketarako elementuak hasiak dira pilatzen, gogo kolektiboan zein banakakoan.
Askotan esan dugu Nafarroa anitza dela, baita mapa politikoari dagokionez. Aniztasun horretan aurkitu behar dugu hiritarrok hobekien ordezkatzen gaituen proposamena.
Jakin badakigu egun, hauteskunde kanpainak ia urte osoan zehar luzatzen direla, baina azken txanpan areagotu egiten direla herritarrak konbentzitzeko ahaleginak. Txanpa horretan sartzear gaude eta inkesten arabera, oraindik ere bozkatuko duten sikiera edota botoa nori emanen dioten erabakitzeke duten pertsona asko eta asko dago.
Botoa emateko aukera dutenen artean ehuneko 50a baino gehiago dira erabakia hartu gabe dutenak. Hortaz, horietan arreta osoa jarri beharko dugu eta 24ean frogatuko du gai izan ote garen horiek mugiarazten, botoa ematera animatzen.
Guztion ardura da; ondoan, alboan ditugun “indezisoak” parte hartzera animatzen den-denok dugu ardura.
Ez dadila inor etxean gera. Atera, botoa eman, nahi dutenari, aukeratu, konprometitu eta, soil soilik hori egin eta gero, denok irabaziko dugu.