Barcinak dio aditua dela krisiak 24 ordutan ixten. Aditua da, bai, baina, krisiak 24 segundotan sortzen. Harrigarria da irakurtzea bere adierazpenak eta nola aritzen den bere buruaz, bere gaitasunaz eta bere handitasunaz. Harritzeko modukoa nolatan gai den hori guztia esan, Presidentea izaten jarraitu eta hain lasai gelditu, bere horretan, legealdia amaitu arte.
Baina jakin badakigu honezkero lasaitasuna hori ustezkoa dela. Nonbait ez dabiltza horren lasai, ez dirudi lasaitasuna nagusi denik Vianako Printzearen Plazako egoitzan. Urduri dabiltza, agerikoa denez, urduri eta haserre. Amorrua egundokoa sumatzen da urrundik, eta Barcinak kontrakoa adierazi nahi badu ere, jakin badakigu kaka praketan badaudela.
Kakaz gainezka dabiltza eta horrek urduritzen du, nahitaez. Eta kaka hasia zaie pilatzen Diputazioan, Ogasunean, egoitzan, nonahi. Gainontzekoon ardura da orain fin aritu, zorrotz jokatu eta honi buelta ematen asmatu.
Pasa den ostiralean Geroa Bairen buru den Uxue Barkosen adierazpenen aurrean korrika eta presaka atera ziren UPNkoak erantzutera, Nafarroaren desagerpena soilik beraiek eten dezaketela.
Barkatu baina, Nafarroaren arerio nagusi UPN izan da urtetan eta orain agerian ari da gelditzen, beste lau urtez hauek boterean jarraituz gero, akabo Nafarroa. Akabo gure ongizatea, akabo gure eskubide historiko eta oinarrizkoak. Esparzaren kurrikuluma ezaguna da nafarron artean. Ezerren bermea ez den pertsona da, deusen bermea ez den alderdiaren adierazle.
Nafarroa eta nafarrok berme nahikoarekin aurrera egiteko alternatiba bada Herri honetan eta, jakina, ez naiz Chivitez ari.
Maiatzaren 24a da eguna. 24 segundu, 24 ordu, 24an konpondu.