Uste dut Angel Errok M.a. Twitterren (Musk aurreko Twitterren alegia) idatzi zuela arropa arrosa heterosexualitatearen marka behinena dela. Zilegi bekit agian asmatu dudan txio hori erabiltzea errateko euskarazko jardunean erdal makuluak txertatzea dela euskara jatorraren marka gorena, inolako zalantzarik gabe.
Bizitza hala delako, niri ez dagokidan formazio bateko bideoa entzun –ezen ez ikusi– behar izan nuen, euskaraz, eta, behin ere zuzen izan gabe ere bai zenbat aldiz erabili zuten alde batera utzita, erdal makuluek harritu eta asaldatu ninduten gehien. Dale que te pego; makina andantea; hori nahi dugunean eta incluso nahi ez dugunean gertatzen da… Zeren, bistan dena, dale que te pegoren ordez nork erabiliko luke jo eta ke, jo eta su, jo eta fuego?; zer pedante klase ausartuko litzateke makina ibiltaria erratera?; incluso baztertuta, nola ahoskatuko genuke masailezurrean minik hartu gabe hori nahi dugunean eta baita nahi ez dugunean ere gertatzen da?
Dugun hizkuntza mota dugu, baina ez dut ulertzen inolako premiarik izan gabe makuluak baliatzeko tema nekagarria. Iduri du euskara noranahiko ez, aukeran herbal nahiago dugula, hebaindua, elbarritua, makuluen premian. Edo, beharbada, hor ere hobe genuke erdarara jo: inválido. Balio gabea, alegia.