Minutu bateko zinema kritika gaur. Wild Horse Nine ikusi nuen joan den asteburuan. Txilen girotua, CIAko bi agente dira pertsonaia nagusiak. 1973a da urtea, iraila oraindik ez, baina aise irudikatzen ahal duzue zertan dabilen CIA Txilen urte horretan.
CIAko bi agenteetarik bat azkenetan da. Aspaldiko agentea da, munduan barna ibilia misio anitzetan, eta, orain, minibiziak jota, Pazko uhartera doa lankide gazteagoak lagunduta hiltzera. Aski goiz atzeman nuen filmak norat eraman nahi ninduen, hain zuzen ere kondenaturik dagoen CIAko agentearekiko enpatia sentitzera, Afrikan eta Asian eta Amerikan erregimen politikoak desestabilizatzen aritu den arren, orain zaharra eta hauskorra eta eri handi delako. Eta aski goiz erabaki nuen ez nuela toki horretara joateko asmorik.
Behin delibero hori hartuta, lasai prezatu nuen elkarrizketen bikaintasuna, Sam Rockwellen eta John Malkovichen aktore-lanen finezia, argazkiaren dotorea eta filmaren tempo ezin egokiagoa. Eta gauza horiek guziak bezain lasai hartu nien neurria filmak paratu zizkidan tranpa moralei: Ez, akaberako sasikatarsi indibidualistak ez zidan balio izan CIAko agenteak bere burua berrerosi zuela sentitzeko.
Nota ona eman nion Letterboxden. Film ederra iduritu zitzaidan. Obszenoa bezain.