Mugak. Itzulpenaren mugak: gaztelaniazko revuelta ez da iraultza, ezta matxinada ere. Umorearen mugak, ongi zedarritu beharrak. Kazetaritzaren mugak, galderak gero eta erosoagoak eta gazgabeagoak izan daitezen. Ceutako mugak, nahitaez indartu, irmotu, sendotu, blindatu, gotortu, zeruraino igo beharrak. Adierazpen askatasunaren mugak, leku beretik murriztu beharrak beti. Pazientziaren mugak, egunero gainditu ditugula iduri arren, berriz ere hedatu eta urruntzen direnak. Zaborra irensteko gaitasunaren muga, mugarik baldin badu. Ados paratzen ez diren ezkerreko politikarien ergelkeriaren muga, non ote? Ustez gure aldera lerratzen diren, ustez gu baino guaiagoak, ustez gu baino modernoagoak, ustez gu baino desinhibituagoak, begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola ustez gu baino aise buru-azkarragoak diren izar mediatikoen memelokeriaren muga. Oraindik jabe berriak izan gabe jabe berriak izan litezkeenen aitzinean belaunikatzeko eta zapaltzen duten lurra musukatzeko premiarik gabeko presaren muga.
Mugekin dugun nahasmenduaren muga, zeren muga behar lukeenari ez baikara mugarik paratzen ari, eta muga paratzen ari gara, berriz, hain zuzen mugarik behar ez lukeenari. Eta, bitartean, iduri du mugarik ez duen gauza bakarra faxismoa dela, mugarik gabeko tontoek lagunduta.