Ordu aldaketa

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Kasik bi aste pasatu dira ordua aldatu eta hogeita bortz orduko eguna izan genuenetik. Horren trukean, hogeita hiru orduko egun bat izanen dugu 2027ko udaberrian. Sekulan ez dut ongi ulertu zergatik aldatu behar den ordua sei hilabetetik sei hilabetera. Ez bakarrik tonto samarra naizelako –horregatik ere bai, jakina–: kontua ez zait inoiz anitz interesatu, eta, batek daki noren apetari men eginda, pozez hartu izan dut loa ordu bat luzatzeko aukera neguan, eta disgustaturik onartu izan dut ordu bat gutiago lo egin beharra udaberrian.

Nolanahi ere, dena kontuan hartuta, afera aski irri-emangarria iduritzen zait; erran nahi baita, iduritzen zait denborarekin jostetan aritzeko ezin saio urriagoa dela gizakiaren partetik. Nire iduriko, ederragoa litzateke bat-batean bortz edo sei urte gazteago bihurtzeko parada izanen bagenu –eri bat zaintzeko indarra behar dugulako, adibidez, edo, harreman erromantiko (barkatu) berri batean sartuta, gaztetasunari dagokion kemena behar dugulako–; trukean, kolpetik bortz edo sei urtez zahartuko ginateke mailegatutako epe horren akaberan, baina segur aski denbora ongi baliatu izanaren sentsazioa izanen genuke. Ordu miserable batekin urtero goiti eta beheiti ibili beharrean, ez litzateke hobe dementzia duen guraso horrek hiru urte –kopuru bat emate aldera– gibelera egiten ahalko balu, nahiz eta beharbada kredituan jasotako denbora bueltatzeak heriotza ekarriko liokeen?

Ordu aldaketa ez bezala, denbora aldaketa hori sutsu defendatuko nuke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!