Arranoa

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Harrotasun sinboloa da arranoa. Oraindik badiren eta dagoeneko ez diren inperioen armarrietan agertu izan da maiz: arrano buruzuria da AEBko sinbolo nazionala, eta bi buruko arranoak harro ageri ziren Austria-Hungariaren eta Germaniako Erromatar Inperio Sainduaren intsignietan. Eta gaurgero entzule guziek buruan izanen duten hori aipatzeko, Antso Azkarraren arrano beltza ere aski estimatua izan da eta da euskaldunen artean.

Niretako, arranoa putrea da; ez euskaltegian irakatsi zidaten euskaran, geroago ikasi dudan horretan baizik. Dotorezia eskas ez badu ere, franko konnotazio diferenteak dituzte putreek arestian solasera ekarri dugun bertze arrano mota horren aldean: sarraskijaleak izanda, hegazti nazkagarritzat eta instintu zitalen sinbolotzat jotzen dugu bigarren arrano mota hori.

Munduan barna arrano inperialak hegalak hedaturik dabiltzan honetan, ezin egokiagoa iduritzen zait anbiguotasun hori. Zer arrano mota dira Etxe Zurian habia egina duten arranoak? Zer arrano mota, Andaluzia aldera odolaren urrinak erakarrita ziztuan abiatu diren arrano inperial espainolak? 

Zaila da adiera bat bertzetik bereizten, baina, egia aitortzeko, asmo inperialez ari garelarik, ez dakit hain desberdinak diren zerua maiestate handiz zeharkatzen duen hegaztia eta lepoa biktimen erraietan barne-barneraino sartzen duena. Beharbada euskal hitzak itxuraz duen anbiguotasun hori ez da hain anbiguoa. Eta, esaldi klasiko bat hona ekartze aldera, I think that’s beautiful.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!