Idazle baten lana baztertu dute Goncourt sarirako zerrendatik, hautagai zen nobelaren ehuneko handi bat AAk egina delakoan. Idazleak, Thelyson Orélienek, ukatu egin du AA erabili izana. Gaia Berrian aztertu dute berriki. Artikuluak, azken lerroan, argudio itxura zuen datu bat zekarren, edo datu mozorroa zeraman argudio bat: eztabaida piztua dagoen bitartean, Orélienen nobela “udazkenean gehien salduriko nobelen zerrendan dago Frantzian”.
Nik argudiotzat har daitekeen bertze datu objektibo bat emanen dut: zori hori, liburu salduenen zerrendan egotea alegia, Espainia aldean oraindik orain eman duten Planeta sariarekin konpartituko du segur aski.
Artikuluak Noëlle Michel idazlearen esaldi hau ere bazekarren: “Idazketari dagokionez, AA gero eta gizakiago baldin bada, orduan ez ote den gizakia gero eta AAgo”.
Esaldi pindartsu hutsaletarik urrun eta gauzak sinplifikatze aldera, nik manifestu honen entzuleari galdeginen nioke nola sentituko litzatekeen jakinen balu AA bati jarraibideak eman dizkiodala lerro hauek idazteko; ez ote lukeen iruzurtzat joko nire izena agertzea berez makina batek ondu duen testu baten akaberan; ez ote nintzatekeen, AAz baliatuz gero, irakurlearen eta egilearen arteko oinarrizko kontratu inplizitu bat hausten ari, AA nahi bezain gizatiarra izanda ere.