Pantailarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Bueltaxka bat eman nuen atzo Iruñean barna, ea Gaztelu Plazan pantailarik paratua zuten edo paratzen ari ote ziren, gaur Suediako Akademiaren erabakia zuzenean ikusi ahal izateko. Bada, ez. Inork ez bide du eskatu. Cristina Ibarrolak ez du, eskandalizaturik eta aztoraturik,  prentsan idatzi. Literaturak, nonbait, ez du futbolak bezainbertzeko interesik pizten. Halere, batek daki, telebista ttiki bat bederen paratuz gero, beharbada kuadrilla bat juntatuko ginen hiri buruzagiko plaza nagusian. Laukote bat gutienez, bai. Tira, hirukote bat.

Pantailarik gabe ere, ni erne egonen naiz gaur, faboritorik ez dudan arren. Urtero bezala, litekeena da nik sariduna ez ezagutzea edo, ezagutuz gero, haren libururik irakurri ez izana. Urtero bezala, beraz, litekeena da nire ezjakintasuna agerian gelditzea.

Ez dakit zuk audio hau aditu orduko, entzule, akademikoek jakinarazi izanen ote duten zer ebatzi duten. Whatsapp talde jakin batean, Gaztelu Plazan pantailarik paratu izan baligute erabaki suedarriari so egonen zatekeen laukotearen kideak hornituko zituzkeen whatsapp taldean hain zuzen, Ludmila Ulitskaiaren alde egin dut nik. Horrek erran nahi du ez diotela saria emanen. Baina aspalditik erabaki dut ez dudala barregarri gelditzeko aukerarik galdu behar. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!