Martxoko heriotzak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2026ko martxoaren 25a

Martxoan hil zen idazlea. Edo, zehazkiago erranda, 1925eko martxoaren
26an, Hugo Bettauer idazle austriarra erail zuen nazi batek. Tiroz hil zuen,
Vienako karrika batean. Austriako naziek aspalditik zuten begitan hartua
Bettauer, baina 1922ko nobela bat, Die Stadt ohne Juden (Judurik gabeko
hiria), antisemitismoaren satira bat, izan zen hondarreko ttantta.
Hiltzaileak, Otto Rothstockek, kondena arina jaso zuen, eta erakunde
psikiatriko batean hogei hilabeteko egonaldi baten ondotik, libre utzi zuten.
1977an Austriako telebista publikoan egin zioten elkarrizketa batean, harro
agertu zen beti Bettauerren desagerpenaz. Pentsatuko zuen, eta, akaso erran
ere bai –ezin ikusi izan baitut elkarrizketa–, hila dago eta ederki dago hila.
Naziek gauza naziak egiteaz gainera, gauza naziak pentsatu eta erran ere
egiten baitituzte. Baina aspaldiko kontuak dira horiek. Hona ekarri baditut,
franko estimatzen dudan idazle bat gogoratzeko aitzakia direlako izan da. Eta,
aldi berean, nire poza adierazteko, ezin hobeki baitakit ezen progresismoaren
irla den gaurko Euskal Herrian horrelako adierazpenak ezinezkoak liratekeela
edo, bertzenaz, inork inoiz eginez gero, aho batez gaitzetsiak izanen
liratekeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!