Walter Sobchak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2026ko martxoaren 18a

Lebowski handia filmeko pertsonaia da Walter Sobchak. Zehazki, John Goodman aktoreak gorpuzten duena, Vietnameko beteranoa, bola-jokoarekin obsesionatua bizi dena. Baina bola-jokoarekin obsesionatua bizi bada, ez da apeta hutsa, badu motiboa. Bola-jokoa joko arautua da, eta arauek lasaitasuna ematen diote. Walterrek berak ezin argiago adierazten du bertze pertsonaia batekin daukan eztabaida batean: “Hau ez da Vietnam, hemen arauak badira”. Indarra jaun eta jabe zen testuinguru batetik bizirik aterea, gerraren esperientziak traumatua, arauak balioesten ditu Walter Sobchak Vietnameko beteranoak gauza ororen gainetik, arauak, mugak, elkarrekiko betebeharrak baitira, azken buruan, gure gizatasunari eusten diotenak. Arauek erraten digute haurrak bortxatzea gaizki dagoela; arauek, orobat, gaizki dagoela neskatikoen eskolak bonbardatzea; gaizki, jendea gosez hiltzera kondenatzea, jendea piztiak bezala tratatzea. Lezio hori atera zuen Walter Sobchakek, AEBko porrot inperialaren ondorio gisa. Ursula von der Leyenek errana du Europa ezin dela arauetan bakarrik oinarritu bere interesak defendatzeko. Ursula, Walter ez bezala, ez da Vietnamen izan, eta ez du uste, gertatzen dena gertatzen dela, joan beharko duenik. Segur aski horregatik du otsoekin batera ainurika aritzeko hainbertzeko gogoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!