Joan diren hiru egun hauetan besta izan dudala aprobetxatuta, Iruñeko
Pompelo Civivoxen dagoen erakusketa ikustera joan nintzen; tira, gauzak
zehatz errate aldera, dauden erakusketak ikustera joan nintzen, Javier Cigarena
ere ikusi bainuen: koadro ederrak miresteko aukera emateaz gainera, zati
batek gogorarazten du ezen orain Espainia aldean zenbaitek Gerra Zibilean
denok galtzaile atera ginela defendatzen badute ere, batzuk, Javier Ciga kasu,
galtzaileago atera zirela bertze batzuk baino.
Denbora gehiena, halere, Irulegiko aretoetan eman nuen. Zinez
gomendagarria. Gai historikoan sartu gabe, atentzioa eman zidan karteletako
euskarak. Txukuna, orokorrean. Harrezkeroztik, lagun batek akatsen bat
ohartarazi dit, baina, akatsak akats, bistan da euskarazko testua irakurria
izateko dagoela egina, ez apaingarri sinbolikoa izateko, maizegi gertatzen den
bezala. Zoazte, beraz, erakusketa ikustera: gauzak ikasteko aukera ematen
baitu; historikoak bakarrik ez.