Kaka de luxe

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2026ko otsailaren 11

Ez nuke zutabe hau grabatu behar, neurri batean etsaiaren tranpan erortzea baita hark errandakoa komentatzea, baina hain da handia amorrua. Kolpe zorrik jotzeko asmorik ez duenari ez litzaiokeela errenta bermatua eman behar erran du nork eta Sergio Sayasek. Gauzak bi aldiz erratea debekaturik behar lukeen minutu bateko manifestu honetan, bi aldiz erranen dut entzuleak ongi uler eta digeritu dezan: kolpe zorrik ez jotzeko [sic] asmorik ez dutenak kritikatu ditu nork eta Sergio Sayasek. Errenta hori estututa ustez aurreztuko genukeen dirua non eta PPk sekula inbertituko ez lukeen kontuetan inbertitzea proposatu du, batere lotsatu gabe. Ez dut galdemodu topikoa errepikatuko, alegia nola den posible hori politikari batek ozenki adieraztea, zeren badira lan egiten duten politikariak, ongi lan egin ere. Orokortu beharrean, pertsonalizatu egin behar da: noiz egin du lan Sergio Sayasek? Tertulietan eta parlamentuetan sainga egiteaz aparte, zer ekarpen egin dio Sayasek gizarteari? Gogoan du inork haren ekimen, proposamen, parte-hartze gogoangarririk? Amak berak ere maiteko ote du? Baina alde du une historikoa: politikoki zein metereologikoki ekaitz handiko garai hauetan normala da ur lohitsuetan kakak uraren azalean flotatzea. Errenta bermatua baino garestixeago ateratzen zaigun kaka, hain zuzen ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!