Ttu egin

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2026ko otsailaren 4a

Gero eta gutiagotan ikusten dut telebista. Eta, ikustekotan, etxeak
erreformatzen eta saltzen ibiltzen den jendearen saioak ikusten ditut –Hilary
Farr da nire barne-diseinatzaile gogokoena–; durduzagarria da aditzea nirea
halako hiru den etxe bat txikia dela eta orain, zakurra erosi ondotik, seme-
alabarik gabeko bikote horrek ez dakiela nola biziko den hiru solairuko 300
metro koadroko etxe ñimiño horretan. Perspektiba kontua da naski, gauzak
nola kontatzen diren. Baina desbideratzen ari naiz.
Gero eta gutiagotan ikusten dut telebista, baina, halere, ikusi dut Alex
Perri polizia-auto bati ttu egiten erakusten duen bideoa. Dokumentu hori
erabili nahi izan baitu AEBko pederastaren gobernuak erakusteko, aizue, Alex
Perri ere ez zela saindu bat, ttu egin diola polizia-ibilgailu bati, eta hori aski ez
eta gibeleko keinukari bat ere hautsi dio, noiz ikusi duzue tamainako
bortizkeria; eta, hortaz, odol hotzean hamar tiroz exekutatu duten erizain hori
ez zela hain parte onekoa, auskalo zer eginen zukeen aukera izanez gero.
Zeren, gaiztakeria domina gisa paparrean daramaten horiek erabateko
araztasuna exijitzen dute; goitik behera kakaztuak dauden horiek ez dute
gainerakoengan orbanik ikustea jasaten. Baina desbideratzen ari naiz bertze
behin.

Kontua da telebista gero eta gutiagotan ikusten dudan honek ere ikusi
dudala bideoa; eta, ikusi badut, hedabideek otzan eta zintzo okakatzeraino
eman dutelako izan da. Perspektiba, gauzak nola kontatzen diren hain
inportantea den honetan, etorkizunean noizbait prentsari galdegin beharko
zaio zergatik lagundu zion bazter oro inbaditzen ari den faxismo olatuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!