1933ko otsailaren 7an, Hermann Göringek zirkular bat helarazi zien
Prusiako poliziari eta indar paramilitarrei. Dokumentuan, manifestazioetan tiro
egitera animatzen zituen agenteak; behar izanez gero, berak babestuko
lituzkeela, bera izanen litzatekeela haien bermea epaileen aitzinean. Haatik,
segitzen zuen zirkularrak, polizia batek tiro egiteko aukera izanda arma
desarratzeari uko eginen balio, gogor zigortua izanen litzateke, bera, Göring
alegia, izanen litzatekeela polizia haren jarrera gaitzesten lehena.
Minneapolisen, emazteki bat erail dute presidente pederastaren indar
paramilitarrek, mundu osoaren begien aitzinean erail ere. Bufoi laranjaren
segizioko bigarrenak, Vancek, poliziak inpunitate osoa duela adierazi du.
Ez da bidezkoa, halere, 30eko hamarkadako Alemaniaren eta gaurko
AEBren egoera konparatzea. Alemanian, berehala hasi ziren idazle eta artista
ugari herrialdetik hanka egiten. Escape to life izan zen hura, ihesaldia kontatzen
duen Klaus eta Monika Mannen liburuaren izenburua erabiltze aldera. AEBn
iduri du ez dutela presa handirik, ezta kritikatzeko ere. Izan ere, telebistako
komiko batzuk ausardia handiagoa erakusten ari dira, artista eta intelektuak
anitz baino.