Rob Reiner eta Michele Singer senar-emazteak, zinema-zuzendaria eta argazkilaria hurrenez hurren, hil dira, hil dituzte aste honetan. Iduri du familia tragedia bat dagoela hilketaren gibelean, baina gu ez gara horretan sartuko.
Horretan sartu dena, Reinerren heriotzaz komentatzeko grazia izan duena Etxe Zurian bizi den psikopata izan da. Trumpen kontra egoteagatik hil dutela erran du, ingurukoei Trumpen kontrako mezuekin kalaka emateagatik, Trumpen lorpenen handia ezin jasan izateagatik. Goian bego batekin akitu du bertze psikopataren sare sozialean idatzi duen mezua, baina zaila da solas formal horien azpian dagoen poza ez nabaritzea.
Zinemazale naizen honek maite dituen film batzuk egin zituen Reinerrek: Misery, Stand by Me, This Is Spinal Tap, eta tipo ona omen zen. Eta ongi dakidan arren AEBko diktadoreak egunero sumintzeko moduko gauzak erraten dituela, Trumpek Reiner hil berria laidotzeko manera horrek bereziki sumindu nau, gaur segur aski inor gutiri interesatuko zaion zutabe hau idaztera bulkatzeraino.
Uste dut, gainera, sumindura sentitzeko eta adierazteko zilegitasuna badudala, ez haren pelikulak gustuko nituelako bakarrik.