Entzuleren bat oroituko da naski: Umbrella Academy telesaileko lehen
atalean, une jakin batean dantzan hasi dira anai-arreba guziak, zein bere gelan.
Ikusten dudan aldiro, ezinbertzean etortzen zait burura Allisonen grazia izan
nahi nukeen arren, Lutherren traketsa dela benetan ordezkatzen nauena.
Mahai-ingurua nuen larunbatean Durangon. Iruñetik goizkara abiatu,
Durangora garaiz ailegatu, eta, ordubete herrian barna bueltaka eman ondotik,
ezin aparkatuz eta mahai-inguruaren tenorea ederki gaindituta, etxerako bidea
hartu nuen. Ikus-entzunezko mundutik higitu gabe: Lebowski handiaren eszena
bat izan nuen bueltako bidaia osoan oroimenean iltzatua, Jeff Bridgesen
pertsonaiak John Goodmani zera botatzen dionekoa, “hirekin dena parodia
hutsa duk”.
Gaur goizean, aspaldiko partez eta ederki kostata, lerro batzuk idazteko
tarte bat bilatu dut. Zirriborratzen hasi naizen horrek baditu norabidea eta
helmuga. Ez dakit, bistan dena, zenbat denbora hartuko didan helmuga
horretara ailegatzeak; badakit, ordea, helmuga literarioa lortuta, ez dudala
Durangora daraman bertze bide hori hartuko. Bada garaia onar dezadan
nirekin dena parodia hutsa dela. Baina ordenagailu aitzinean naizelarik, sikiera,
ez naiz hain irri-emangarria.