Durangoko azokaren aitzakian irailean hasten den uholde literarioaren
zurrunbiloan, bi etsairen liburu berriak erosi ditut oso denbora gutxian. Baita
dagoeneko bat irakurri ere. Clickbait manera bat da etsai hitza erabili izana:
nire ustez jarrera eta estilo kritikagarriak dituen jendearen liburu berriak erosi
ditut. Baina ez ditut higuin. Ez, bederen, noizbait izan diedana adinakoa.
Horrek piztu dit zalantza: Hain zuzen ere, zeren adierazgarri da liburu
horiek erosi izana? Amore eman dudan seinale ote –alegia, neure burua
galtzailetako hartzen dudan seinale, hau lehiaketa balitz bezala? Edo zahartu
ahala berazten ari naizela iradokitzen dute akaso nire erosketa horiek? Edo
koherentzia intelektuala da beharbada, maila humano eskasa ikusten diedan
arren, maila literarioa onartzen diedala nabarmendu nahiko banu bezala?
Erran nahi baita, egilea eta obra bereizten badakidalako keinu definitiboa egin
–nori, baina?– nahi izan banu bezala?
Nahiko nuke nire motiboa hondarreko hori izanen balitz, horren
arrazionala izanen banintz, baina ez dut uste. Lehen bien arteko nahasketa bat
–zahartzearen eta amore eman izanaren arteko nahasketa bat– da segur aski
egiazko arrazoia.
Honaino gaurko manifestua. Erran bezala, liburu batzuk ditut irakurri
beharrak.