GKSk Vito Quilesi Iruñean egin zion harrerak arrangura piztu du herritarren artean. Nafarroako zein Espainiako telebistetan, herritarrek eta kazetariek kezka komuna adierazi dute: hiri buruzagian ikusitako irudiek bertze garai batzuk dakartzate gogora, garai hitzari nork bere gogoko izenondoa eransten ziola.
GKSren manifestazio bakarra aski izan da kale borroka bueltan delako susmoak nonahi pizteko –espoilerra: ez da bueltatzen ari–; Vito Quiles Espainiako unibertsitateetan barna egiten ari den tour faxistak, berriz, ez ditu aurpegiak eta aldarteak neurri berean goibeldu; inori ez bide dio bertze garai bateko oroitzapenik ekartzen, nahiz eta itxura guzien arabera garai horiek, kale borroka ez bezala, bueltan diren. Edo bueltan etorri nahian, bederen.
Interesgarria da zerk eragiten duen beldurra eta zer erabiltzen den beldurra sortzeko. Podemos agintera ailegatzeko aukerak alarma guziak piztu zituen duela ez hainbertze; Voxen kontra, ordea, ez da lawfarerik izan, prentsa orokorrak ez du espantu handirik egin. Agian ez da kasualitatea, politika jakin baten ondorioa baizik, jendeari zerk ekartzen dion bertze garai bateko oroitzapena eta zerk ez.