Lehengusua

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2025eko urriaren 21a

Nik ere izan dut lehengusu hori, umetan aitatxi-amatxiek ni baino maiteago zutena eta haien iduriko den-den-dena –den-den-den hori zernahi izanda ere– nik baino hobeki egiten zuena. Gogoan dut behin gaztigatu zidatela nire lehengusu eredugarria udan Ingalaterrara joatekoa zela, zertara eta ingelesa ikastera, eta gogoan dut, orobat, informazioa transmititu zidatela tamainako balentria mirestera gonbidatzen ninduen miresmen tonu solemne batez. Ordurako hirugarren aldia zen Erresuma Batura joan-etorria egina nuela, helburu berberarekin, baina ez nuen estatistika gogorarazteko lanik hartu. Zertarako nekatu?
Horretaz oroitu naiz, lehengusuaz eta haren abenturaz, larunbateko Berria hedatu eta irakurtzean aurten ere tokia eginen diotela animeari Donostiako Beldur Astean; ez hori bakarrik, filmez gainera animearen munduari loturiko jarduera batzuk ere antolatu omen dituzte Donostian. Eta, aizue, zinez pozgarria da albistea –ironiarik batere gabe diot–, baina bat-batean burura etorri zait hogei urte baino gehiago direla Iruñean urtero-urtero Nafarroako Anime Festibala egiten dela, eta hiru egunez filmak eta telesailak ikusteko aukeraz gainera, jarduerak ere –mintzaldiak, liburu-aurkezpenak, origami tailerrak, erakusketak, japonierako mini-ikastaroak…– egiten direla, eta oroitu naiz, halaber, hondarreko urteetan Berrian begiratu baina ez dudala Iruñeari kolore handia ematen dion festibal horren arrasto erdirik inon aurkitu. Nire motzean, uste nuen kontua animearen ustezko interes falta zela. Antza, problema bertze bat zen.
 Aspalditik ez diot deitu lehengusuari. Agian gaur arratsaldean. Bere planak kontatzea espero dut. Segur naiz bikainak izanen direla: bereak izanda, nolakoak izanen dira, bertzenaz?
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!