Antisemitismoa

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2025eko urriaren 15a

Israel estatua defendatzen duenik oraindik baden seinale, sare sozialetan kazetari ezagun batek biziki gomendatu du Eva Illouzek idatzi eta gaztelaniaz Katz argitaletxeak publikatu duen liburua: Urriaren 8a. Gorroto bertutetsu baten genealogia. Hark gomendatu eta nik irakurri, beharbada argia erakutsiko didalakoan.
 Ez, bada. Mundua, Illouzen arabera, antisemitismoz blaitua dago, antisemitismoz gainezka, antisemitismoz mukuru; Holkaustoak piztu zuen erru-sentimendua behin apalduta, berriz ere berde-berde ari omen da loratzen antisemitismoa bazter guzietan. Israelen politikaren ondorioz? Ez, andre; kristo guzia –unibertsitatea, ekologismoa, Iran, antikolonialismoa, Brasilgo Lula, bai eta akaso zutabe hau ere– biltzen duen mundu mailako konspirazio baten ondorioz. Begira, bertzenaz: bertze herrialde batzuek ere sarraskiak egin dituzte, dio Illouzek, baina inork ez ditu Israel bezain estu hartzen.
 Biktimak nor diren borreroek erabakitzen dute beti, eta erabaki hori hartzeko irizpideak aski subjektiboak izaten dira usu. Nolanahi ere, arraza edo, kasuaren arabera, erlijoaz gainera, kontzeptu lausoagoak ere behar izaten dituzte genozidek, etsaiak nahieran izendatu ahal izateko. Juduen laguna zen kontzeptu hori naziendako; Israelgo sarraskigileendako, antisemita da noranahiko balioko tresna hori. Antisemitismoak noizbait juduen kontrako herra definitzeko balio bazuen, edukiz hustu dute dagoeneko sionistek, zehaztasun guzia galarazteraino. Orain, Israelgo gobernuari gustatzen ez zaion oro, Israelgo gobernuaren politikarekin milimetrikoki bat egiten ez duen oro da antisemita. Agian zu ere bai, entzule.
 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!