Prestigioa

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Liburu azoka dugu egun hauetan hiri buruzagiko Gaztelu plazan. Aurten, Lizarratik etorri den Clarin dendan erabaki dut sosa gastatzea –ez bakarrik saltzaileak gazteak eta atseginak direlako, baita Lizarran estilo horretako liburu-denda bat egotea inportantea iduritzen zaidalako–. Tuterako Letras a la tazan ez dut oraindik deus hartu, baina, urteroko tradizioari jarraikiz, libururen bat erosiko diet.
Momentuz, Karrikirin feriatu dut Amaiur Epherren Haize beltza. Ortzilareko aurkezpenean ere izan nintzen. Ez ginen aunitz, baina horretara jarria nago. Izan ere, liburu baten zintan erosarazteko akuilu gisa “milaka ale” saldu direla paratzen dutelarik, beti pentsatzen dut liburu horrek ez duela nire beharrik, eta, aukeran, bertze nonbait bilatzen ditut nire irakurgaiak.
Berriki, elkarrizketa batean, Xabier Mendiguren ibilbide luzeko editoreak errana du euskara prestigioa galtzen ari dela eta, horren ondorioz, gero eta liburu gutiago saltzen direla. Hainbertzeko prestigioa galdu du, gehituko nuke nik, ezen euskal editoreren batek ere gaztelania nahiago baitu. Horregatik, joera nagusien kontra ari izanaren sentsazioarekin, kontent joan nintzen segur aski milaka ale salduko ez duen liburu hura besapean neramala. Eta uste dut oraindik bertze buelta bat eman beharko dudala Karrikiriren postutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!