Sentimentaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Hil da Peter David. Entzule bati baino gehiagori ez zaie ezaguna eginen. Gidoilaria izan zen, komiki-gidoilaria. Interneten bilatuz gero, Hulk agertuko zaizue segur aski. Nolanahi ere, kontua orain ez da nor zen Peter David, nola hil den baizik. 2012an buruko isuria izan zuen, eta harrezkeroztik medikutan ibili zen. Hondarrean, aseguru medikoa galdu eta crowdfunding egin behar izan zuten haren ahaide eta lagunek, tratamenduak eragiten zituen fakturak ordaintzeko. Ingelesa ez dakitenendako, komentatzen ari garen testuinguruan crowdfunding limosna eskatzearen baliokidea da, nahiz eta hiztegiek ez duten adiera hori ekarriko.
 Ez da lehen aldia. Twitter gisa ezaguna zen sare sozialean behin baino gehiagotan ikusia naiz horrelako eskaerak: halako marrazkilari edo gidoilari eri handia da eta gure laguntza behar du gastuei aurre egin ahal izateko. Nik komiki-egileei segitzen nien sare sozial horretan, baina problema ez da haiena bakarrik, bistan dena.
 Gure artean eskuin trumpzaleari txaloka ari diren guziek ez dut uste horrelako sistema batean faktura medikoak ordaintzen ahalko lituzketenik, oihan amerikar basaren arauak hona ekarriz gero. Baina amorrazio hutsagatik –pobreen kontra, etorkinen kontra, gayen kontra, transen kontra, berak bezalakoak ez diren guzien kontra– ari dira naski beren interes objektiboei muzin egiten. Sentimentaltasuna ongi da maitasunean, baina politikan desastreak bertzerik ez du ekartzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!