Keinuak

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone

Gaurkoa X-men-en komikiei erreferentzia eginez hasiko dut: Krakoaren hondamendiaren ondoko mundu arrotzean, keinu sekretu bat asmatu dute mutanteek elkarri jakinarazteko, bada, horixe, mutanteak direla. Horrela, bakarrik edo babesgabe dagoen mutanteak badaki lagunen artean dagoela, seguru dagoela. Adorea eta hurbiltasuna adierazteko manera bat baita keinu xume hori, nahiz eta adore eta hurbiltasun horiek segur aski deusetarako balio ez izan edo arrunt guti iraunen duten.
Euskaraz baditugu formula batzuk heriotzak eragiten duen dolua arintzen saiatzeko balio omen dutenak: atsekabean lagun nauzu, osasuna enkomendatzeko… Kontsolatzeko biderik ikusten ez diedan egoeretan jendea nola kontsolatu ez dakidan honek biziki eskertzen ditu horrelako formulak. Baina berdin-berdin eskertuko nituzke bertzenazko egoera ez nahitaez hain larri batzuetan diskretuki elkartasuna edo hurbiltasuna edo adorea –bai, badakit, deusetarako balio ez duten gauzak– transmititzeko balioko lukeen ez erramolde bat, keinu xume sekretu bat baizik, mutanteena bezalakoa. Belarria bi aldiz ukitzea, adibidez, edo kopetan hazgale egitea, pentsamendu arraro bat etorri izan balitzaizu bezala.
Zer egin, bertzenaz, lagun izan gabe estimatzen duzun bat egoera latz edo bederen desatsegin batean ikusten duzularik? Nola erran, zernahi erranda ere lekuz kanpoko solasak izanen bailirateke, haren egoerak hunkitzen zaituela, ulertzen duzula, orain behin baino gehiagotan oroituko zarela hartaz?
Aste honetan bi aldiz ikusi dut, eta ageriko seinaleei ezikusiarena egin badiet, balio dezala zutabe honek nire trakeskeria pixka bat sikiera zuritzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!