Moda

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2025ko api. 8a, 18:19

Txikitan, eskolako idazlanak egiteko tenorean, nahiago zuen irakasleak gaia ematen bazuen, gai libreko idazlanak egin baino. Gaia emanda, lan bat gutiago. Hori azaldu zuen elkarrizketa batean Sergi Pàmiesek, eta hartaz oroitu naiz, aste honetan zertaz idatzi ez dakidala ohartuta.
 Donald Trumpen zapatak ematen zuen adibide gisa. Hortik tiraka, Trumpen irudi bat etorri zait burura, Espainiako telebistan ikusia, asteburu honetan golfean aritu ondotik edo aitzin hartua. Zaharreria irri-emangarri eta penagarriaren irudia da: galtzak besapetaraino goratuak daramatzan gizon potoloa, kamerari harro begira. Nolako urrina izanen du Trumpek? Izerdi mina izanen du golfean aritu ondotik? Kiratsa aterako zaio ahotik solas egiten duen aldiro? Nolakoa izanen da haren ondoan ohatzean sartzea?
Bel-Airreko Printzearen atal batean, eguneroko jantzian agertu zen osaba Phil mozorro besta batean. Zein zen haren mozorroa galdeginda, arrapostua berehala etorri zen: milioidunarena; bere ahalmen ekonomiko ikaragarriak ematen dion superbotereari esker, nahi duen gisan beztitzen ahal da. Eta, hedaduraz, nahi duen gisan jokatzen ahal du.
Mota horretako jendeari, mundua hankaz goiti paratutakoan trankil aski golfean aritzera joaten den jendeari ari zaio txaloka ez AEBn bakarrik, planeta osoan baizik. Ez naiz inoiz arras modazalea izan, baina moda guzietarik hau egiten zait ulertezinena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!