Ulermena

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2025ko ots. 11a, 15:39

Nik ez dakit nola azaldu muturreko eskuinaren gorakada. Erran nahi baita, ez dakit zein den azalpen bakarra, anitzetan horixe ematen baitute ustezko analistek han eta hemen, azalpen bakar oro-hartzailea. Nik, gehienez ere, fenomeno batzuk irudikatzen ahal ditut, ikusten ari garen gorakada eskuindarra gerta dadin lagundu dutenak. Adibidez, behin baino gehiagotan ezker moderatuko alderdiek puntu inportanteetan bat egin izana eskuineko alderdiekin, ezker ez hain moderatuak –baina aski moderatuak, halere– proposaturiko legeak edo neurriak gibelera botatzeko.
 Horrek alderdi guziak berdinak direlako sentipena ekarri du, edo lagundu du ekartzen bederen, eta teorian sistema usteldu hori irauliko zuten lider berrien bidea leuntzen. Alta bada, hori onartuta ere ezin ulertu dut zer dela-eta uste duen jendeak ideia ona dela boterea ematea zakur hil batekin mintzatzen den tipo bati, edo epaileek kondenatu duten gaizkile aberats bati, edo… Zergatik uste duen jendeak merezi duela boterea ematea osasun sistema publikoa hondatu nahi duten politikariei, genozidioak ozenki planifikatzen dituzten psikopatei.
 Bistan da Trumpek, Muskek eta Madrilen bildutako ahobero guziek uste dutela etortzen dena etortzen dela beren burua salbatuko dutela. Hori ulertzen dut. Zailagoa egiten zait ulertzea haien hautesleek zergatik uste duten berak ere salbatzera etorriko direla, zergatik uste duten munduaren jabe berriek zapalduak izatetik salbuetsiko dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!