Une historiko franko ari gara –bizitzen erran behar nuen, baina ikusten egokiagoa da naski–; has gaitezen, bada, berritik: une historiko franko ari gara ikusten egun hauetan; soberaxko, aukeran. Eta historiko diren neurri berean histrionikoak ere izaten ari dira: historikoak, historia aldatzeko mehatxu egiten dutelako, baina ez preseski historia bide onetik eramateko; eta histrionikoak, ikustea egokitu zaigun une horiek anitz dutelako pailazokeriatik eta exhibizionismotik. Bat gogoratze aldera: AEBn nagusi den agure psikopata planeta are gehiago hondatzeko balioko duten legeak sinatzen, ezin oilartuago, txalo artean.
Egun hauetako une historiko-histrioniko batzuek erreakzioak ekarri dituzte, baten bat gogoan altxatzekoa. Adibidez, Twitter erosi zuen psikopatak agur nazia egin zuenekoak ekarri zuena: dezentzia guti duten egunkari dezentek erran zuten balitekeela Elon Muskek egindako keinuak nazien agurraren antza izatea. Ez ziren, antza, arruntean seguru.
Koldarkeria hori ikusita, are miresgarriagoa egiten zait bertze erreakzio bat, hain zuzen ere Washingtongo katedralean apezpikuak izan zuena. Mariann Edgar Budde du izena apezpiku horrek, eta Trump aitzinean zuela ausartu zen kontra egitera, erratera ez zela bidezkoa etorkinen kontra martxan paratu duen oldarraldia. Hemendik aitzinat gertatzen dena gertatzen dela, Mariann Egdar Buddek erraten ahalko du une historiko latz batean jakin zuela duintasuna erakusten eta botereari aurpegira erraten, boza apaldu gabe, gaizki ari dela. Egun hauetan maskulinitaterik toxikoena bulkatu nahi duten gorila horien guzien artean, argi distiranta da emazteki hori, Mariann Edgar Budde, apezpikua.