Koinatuaren aldeko manifestu laburra

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2025ko urt. 16a, 19:06

Joan dira eguberriak behingoz, eta, haiekin batera, akitu da azpigenero literario baten sasoia: heldu den abendura artio, sare sozialetan eta hedabideetan inork ez digu azalduko zeinen gogorrak izan diren bazkariak eta afariak familiarekin, nola zapuztu dioten otorduetako giroa koinatuaren komentario desegokiek eta, batez ere, bere sufrikarioa kontatzen ari den horrek zer-nolako arrapostu distiratsuak eman dizkien delako koinatu horren koinatukeriei, zeinen zaplazteko dialektiko zorrotzak. 
 Ni ere aspertu naiz oporretako familia-otorduetan, baina edukazioak galarazten dit beren etxera gonbidatu eta dena prestatu didaten horietaz publikoki gaizki erranka aritzea. Bertzalde, autoestimu kontua da naski, baina aspalditik ez naiz seguru ideologiaren alde onean ote naizen, eta, alde horretarik, pentsatzen dut niri une batzuk mingostu dizkidaten bezala nik ere une batzuk mikaztu izanen dizkiedala nire mahaikideei. Gainera, gonbitari uko egitea ere banuen.
 Nolanahi ere, nik gogora ekarri nahi nituzke zenbaiten argia zuriagoa izan dadin gibeleko itzala ilunago bihurtzen duten horiek guziak: hainbat urteren buruan bilobaren sexu-joerari ez ohartuarena egiten segitzen duen aitatxia, Mileiren alde onak azpimarratzen dituen osaba, Pablo Motos gustuko duela dioen arreba, euskarak zertarako balio duen galdegiten duen koinatua. Zeren, haiek gabe, haien zabarkeria ideologikorik gabe, haien gristasun intelektualik gabe, haien mediokritate existentzialik gabe, haien sofistikazio sexual eskasiarik gabe, nola agertuko lirateke bertzeak bada, horixe, hain bertze, hain moderno eta deshinibitu, hain bide-urratzaile eta topiko-hausle, hain diferente eta disidente, hain distirant eta, solas batean, hain guai? Koinatuaren etiketapean biltzen diren horiek guziak gabe, nola litzateke posible mundua tarterik gabe bitan banatzea, iluntasun estrukturalaren konplizeak, batetik, eta, bertzetik, etorkizuneko argi-eramaileak?
 Horregatik, omenaldi xume bat egin nahi nioke jende ilun horri lerro hauetan. Jende guaiak, bistan dena, ez baitio eginen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!