Bokazioa

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2024ko aza. 19a, 18:38

Diario de Noticiasen irakurri dut albistea. Hezkuntza Departamentua foru agindu bat prestatzen ari da –edo, hobeki erranda, prestatua du kasik–, jubilatu ondotik kolaboratu nahiko luketen irakasleen egoera arautzeko. Ongi ulertu badut, foru-aginduak dio baietz, nahi izanez gero, irakasle jubilatuak joaten ahal direla ikastetxeetara kolaboratzera. Zeren, antza, aspaldi honetan irakasle frankok hartu baitute erretreta, eta pena da haien esperientzia eta ezagutza malkoak euritan bezala galtzea. Malkoena, argi geldi bedi, ez du aginduan paratzen; zinemazale naizen honen gehigarri poetikoa izan da.
 Hezkuntza Departamentuak uste du lana utzi duten irakasleendako ere mesede izaten ahal dela harremana atxikitzea belaunaldi berriekin. Irakasleen belaunaldi berriekin, pentsatzen dut, irakasleek, oro har, bizialdi osoan harreman estua izaten baitute gazte jendearekin. Estuegia, aukeran, erranen luke baten batek.
 Beraz, Hezkuntza Departamentuak ahalbidetu behar du, adibidez, irakasle jubilatuek ongi –edo sikiera duin– ordainduriko ikastaroak edo mintzaldiak eman ditzaten, beren esperientzia eta ezagutza –hain estimatuak biak ala biak– irakasle gazteagoei trasmititzeko? Bai, zera! Foru-aginduari esker, irakasle jubilatuak debalde, urririk, doan, musu-truk joaten ahalko dira laguntzera, kolaboratzera edo dena delakoa egitera. Legearen aldetik inolako eragozpenik gabe, hori bai. Eta kolaborazio horrek gasturik sortuko balu, ikastetxeak hartu beharko luke bere gain.
 Ikasturtea hasi denez geroztik, bi greba –edo hiru izan dira?– egin dizkiote Carlos Gimeno jaunari. Oraindik ez dut ulertzen zergatik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!