Ondorio larriena

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2024ko urr. 1a, 19:15

Baten batek bere garaian fama handia lortu bazuen ere, ez dute inoiz eragin handiegirik izan. Eta helburu nagusia ere ez dute sekulan erdietsi. Horrexegatik da are paradoxikoagoa orain gertatzen ari dena. Hamarkada luzeetan Holokaustoa ukatu nahi izan duten historialari negazionistek lortu ez zutena, alegia juduen kontrako genozidioaren memoria fribolizatzea eta zikintzea, hilabete batzuetan lortzen ari dira nor eta juduak berak.
 Nire iduriko, inozoak gara uste badugu Israel hedatzen ari den sufrimenduak ez duela ondoriorik izanen oinaze beldurgarri horren lekuko pasibo edota konplize izan diren herrialdeetan. Eta inozoak gara, nire iritziz, uste badugu 20. mendean toki zentrala izan duen horrorearen memoria higatzeak ez duela deus txarrik ekarriko. Orainaldian Israelgo Estatuak irabazi duen gaiztakeria absolutuaren irudiak –aski ongi irabazia, nire ustez– segur aski bat baino gehiago eramanen du iragana bertze antiojo batzuekin begiratzera. Holokaustoa erlatibizatzera akaso. Eta, azken buruan, bertze harri bat kentzera eskuineko muturraren bidean.
 Israelgo politika hilgarriaren kontrako edozein kritika behin eta berriz antisemitismotzat joz, egiazko antisemitismoari bidea zabaltzen ari zaio sionismoa. Nahiz eta, bistan dena, ez den hori bonbardaketen ondorio larriena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!