Larunbateroko saio musikalen ondotik, Piztu telebista da ETB1eko nire saio gogokoena. Egia da gutitan ikusten dudala, baina horretan klasikoen antza igartzen diot: hauei irakurri gabe jendeak gorazarre nola egiten dien, halaxe goraipatzen dut nik ere, ikusi gabe alegia, Piztu telebista saioa.
Egia aitortze aldera, noizbehinka bai, zer edo zer ikusia dut. Zenbaitetan, telebista piztu eta Piztu telebistarekin suertatua naiz kate batetik bertzera nenbilelarik; horrelakoetan, dena gustatu zait: estiloa, gidoia, komentarioak, produkzioa... Estututa ere, ez nuke loreak botatzen nondik hasi jakinen. Pena bakarra dut euskaldunik baizik ez den konpainia batean bakarrik gozatzen ahal dela telebista modernoko prodijio horretaz, eta, bistan dena, ez da bidezkoa. Nire uste mega apalean, basko guziek behar lukete izan Piztu telebista ikusteko eskubidea edo, nahiago bada, pribilegioa. Horregatik, nire talaia xume honetarik saioa ETB2ra pasatzea proposatu nahi diet ETBko arduradunei. Trukean, ETB1era interesik gabeko saioren bat ekar lezakete, konparazio baterako, Felix Linaresek zinemaz egiten duena. Bertzenaz, baten batek pentsa lezake goxoki guziak ikusle euskaldunei ematen zaizkiela eta, zaborra, berriz, erdaldunendako erreserbatzen dela. Eta hori onartezina da.