Zergatik erraten dute "PAI", "ez" erran nahi badute

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2022ko mai. 2a, 12:11

Diotenez, euskarak funtzio publikoan orokorrean eta zehazkiago hezkuntzan jendea diskriminatzeko balio lezake; diotenez, D eredua ezin da Nafarroa osora hedatu, hainbat eta hainbat tokitan euskara ez delako –eta inoiz izan ez delako, antza– nafarren ama hizkuntza; diotenez, D eredua ezin da inposatu, familien hautatzeko eskubidea errespetatu egin behar delako.

Hori diote.

Eta hara non, hori diotenen eskutik, nafarren ama hizkuntza ez den eta sekula izan ez den hizkuntza bat Nafarroa osora hedatua; hara non, familien askatasuna defendatzen dutenen politikaren ondorioz, hainbat eta hainbat tokitan eskola publikoan PAI baizik ez den hautatzen ahal; hara non ingelesak balioko duen hainbat eta hainbat irakasle diskriminatzeko, baina hara non orain isilik dauden euskarak ekar lezakeen bazterkeriaz hain kezkatuak zirenak.

PAI ez da sekulan ingelesaren aldeko programa bat izan. PAI euskararen kontrako programa bat izan da lehenik, eta orain eskola publikoaren kontrako bihurtzen ari da, PAI nahi ez dutenak nahitaez eskola itundura mugitu beharko baitira.

Noizbait, hezkuntza gogoko duen kontseilari bat izanen dugu; are gehiago, noizbait hezkuntza publikoa gogoko duen kontseilari bat izanen dugu. Zaila da, halere: orain artio, Mendoza eta Solanaren salbuespenak salbuespen, inpresentablea izatea izan baita Hezkuntza kontseilaria izateko nahitaezko eskakizuna, eta bi haiek ere ez ziren ausartu PAI desegitera. Agian, hondarreko jokaldia hauxe izan liteke: talderik ez duten erlijio irakasleak ere sar daitezela PAIn. Azken buruan, ingelesa ongi jakitea ez da hain-hain inportantea. Diotenez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!