Ezjakinen abantaila da etengabe gauza berriak aurkitzen ari izatea. Ni, lotsarik gabe aitortzen dut, ezjakinen tribukoa naiz; iaz, adibidez –eta iaz duela hiru aste izaten ahal da– Elizabeth Taylor deskubritu nuen. Ez Elizabeth Taylor aktorea, Elizabeth Taylor idazlea baizik. Baina, izan ere, horixe da kontua: Googlen Elizabeth Taylor paratuz gero, Cleopatra agertuko zaizu, adibidez, ondoan Richard Burton duelarik. Bertzea bilatu nahi izatera, berriz, idazle solasa gehitu beharko duzu Interneteko bilatzailean, ingelesez aukeran: Elizabeth Taylor writer.
Elizabeth Taylor –idazlea, ez aktorea– ez zen berez Elizabeth Taylor. Elizabeth Coles zen sortzez, baina John Taylorrekin esposatu eta Elizabeth Taylor famatuenaren itzalpean bizitzera kondenatua ikusi zuen bere burua. Izanen da uste duenik penagarria dela izenari osagarri bat –idazlea– eransten ibili behar izatea, izen hutsaren jabearengandik zure burua bereizi ahal izateko. Nik, berriz, eremu sekretu batean sartzeko giltzarri gisa ikusten dut gaineratu beharreko osagai hori, hiri jendetsu batean tupustean bazterturiko karrika isil xarmagarri bat harrapatzen dugularik bezala.
Maiz, bazter geldituriko idazle atzenduek atsegin bereziak ematen dizkigute. Ezagutzea da kontua. Nik iaz aurkitu nuen giltzarria. Orain irrikan nago behingoz Elizabeth Taylor idazlea irakurtzen hasteko. Ea aste honetan.