Concordia y memoria

Erabiltzailearen aurpegia Santi Leone 2021ko mai. 31a, 12:18

Altsasukoa gertatu zelarik, Iñaki Iriartek argi zuen hura ez zela ostatuko liskar hutsa izan. Begi-bistakoa omen zen Guardia Zibilaren kontrako jazarpen eta gorroto kanpaina baten ondorio izan zela. UPNko diputatuak argi zuen nor ziren biktimak eta nor erasotzaileak, eta zein ziren erasotzaileak biktimei oldartzera eraman zituzten motibo ideologikoak. Guardia zibilen bertsioa zalantzan paratzen zuten froga dokumentalak ere baziren, baina, nonbait, horiek ez zituen hain argi ikusi Iriartek.

Horregatik ez da harrigarria orain hain argi ez ikustea Espainiako Gerra Zibila ekarri zuten motibo ideologikoak ikertu beharra. Hondarrean, Altsasukoa ez bezala, gerra hura bai baitzen ostatuko liskar hutsa. Metaforikoki, erran nahi baita. Edo, nahiago baduzue, anai-arreben arteko haserrealdia, bizilagunen arteko gaizki-ulertua. Nola pizten diren inork ez dakien gatazka tonto horietarik. Eta ez gara orain hasiko bilatzen nork zuen arrazoi eta nork ez, baten bat herrak bulkatuta aritu ote zen eta bertze zenbait beren burua defendatu nahian. Jakin behar dena da inor ez zela ez gaiztoa ez ona izan; guziek sufritu zutela eta, hortaz, guziek merezi dutela gure omenaldia.

Diario de Navarran argitaraturiko artikulu batean, Navarra Sumako politikariak oroitarazi digu maiz garaituen memoria 78ko erregimena kritikatzeko erabilia izan dela, baita hura kolokan jartzen saiatzeko ere, eta hori arras itsusia omen da. Beraz, adiskideak izan behar dugu, ez egia historikoak hala eskatzen duelako, trantsiziotik sorturiko sistemak hala behar duelako. Baina hori ere ez da harrigarria, etorri den tokitik etorrita.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!